EUSKAL HERRIA

Espainiak dio presoen dokumental bat diruz laguntzea Bildu legez kanporatzeko arrazoia dela

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren esanetan, Donostiako Udalak lan horretan ez ditu betetzen Konstituzionalaren epaiak Sorturi jarritako baldintzak. Diru laguntza kentzeko eskatu dio udalari. Alkateak esan du haren adierazpenak "gehiegizkoak" direla.

2012ko ekainaren 25a
20:56
Entzun

Espainiako Barne Ministerioak ohar bidez jakinarazi du Bildu legez kanporatua izateko "arriskuan" dagoela, Donostiako udal gobernuak —Bildu dago— euskal presoen inguruko dokumental bat diruz laguntzeagatik.  

Iragan astean, Donostiako Udalak bost euskal presoren inguruko film dokumental bat 9.000 euroz laguntzea onartu zuenBarrutik begiratzeko leihoak dokumentala. Horren ondotik, PSE-EEko eta PPko ordezkariek Donostiako Udaleko giza eskubideen batzordea uzteko erabakia hartu zuten. Era berean, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariak adierazi zuen auzitara eramango zuela Donostiako Udala. 

Iskanbila ez da hor amaitu. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren arabera, presoen dokumentala diruz laguntzea Bildu legez kanpo uzteko arrazoi nahikoa da. Diazen esanetan, Bilduk ez ditu betetzen Auzitegi Konstituzionalak Sorturi jarritako baldintzak, "terrorismoa goratzen" duelako. 

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak erantzun du haren adierazpenak "gehiegizkoak" direla eta "lekuz kanpo" daudela.

Konstituzionalak Sortu legez kanpo uzteko hainbat baldintza aurreikusten ditu. "Ekintza terroristak" egin dituztenak "gorestea edo biktima zein heroi gisa aurkeztea" Sortu legez kanpo uzteko beste arrazoi bat litzateke, Konstituzionalarentzat. Presoak izan daitezke pertsona horiek. Biktimak edo haien familiakoak "gutxiesten edo umiliatzen" dituzten ekitaldiak ere ezingo dira egin. Konstituzionalak larritzat jotzen du instituzioetan daudenek jarrera hori "baimentzea eta onartzea" ere.

Barne ministroaren ustez, Bildu epai hori apurtzen ari da, eta hori "onartezina" da. "Baldintza juridiko horiek Bildurentzat ere aplikatu daitezela eskatuko dugu", azaldu du Diazek. 

Horrela, diru laguntza kentzeko eskatu dio Espainiak Donostiako Udalari. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.