Espainiak eta Somaliak Alakrana Bermeoko atunontziaren bahiketari buruzko premiazko bilera egingo dute bihar, Kenyan, gaur Miguel Angel Moratinos Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak iragarri duenez. Nairobi hiriburuan batuko dira Nicolas Martin Cinto Espainiak Kenyan daukan enbaxadorea eta Omar Abdirashid Ali Sharmarke Somaliako lehen ministroa.
Espainiak preso ditu ustezko bi bahitzaile, eta arrantzaleen senideek gaur ere eskatu dute bi horiek Somaliara bidaltzeko, "Somalian epai ditzaten. Hori egiterik badu Espainiak, eta bide guztiak erabil ditzala, beraz". 36 lagunek osatzen dute tripulazioa, eta zazpi dira euskal herritarrak. Urriaren 2an bahitu zuten Alakrana Indiako Ozenoan, Somaliatik 375 miliara.
Euskal arrantzale baten arreba Argi Galbarriatuk jakinarazi du bahitzaileak telefonoz ontziaren enpresarekin harremanetan jarri berri direla -Etxebastar Fleetekin-, eta bi presoak Somaliara bidal ditzatela eskatu dutela.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gaur adierazi du legediak eskaintzen dituen "zirrikitu denak aztertzen" ari direla adituekin batera. "Aukerak" badaudela gaineratu du.
Atzo Eusko Legebiltzarrak ontzia askatzeko "behar adina neurri diplomatiko eta judizial" har ditzala eskatu zion Espainiako Gobernuari. Talde guztien adostasunarekin erabaki du.
Ehunka lagun gaurko bilkuran
Bahiketa bukatzeko aldarrikapena egin dute gaur ere, ontziko marinelen senideek deituta elkarretaratzea egin dutelako 12:00etatik aurrera Bermeon bertan. Gure arrantzaleak askatu lelopean ehunka lagun izan dira Portu Zaharrean, eta oraingoan bai, oraingoan Eusko Jaurlaritzako ordezkariak bertan egon dira -duela aste batzuetako bilkuran ez ziren izan-. Bermeon zeuden Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramailea, Pilar Unzalu Arrantza sailburua, Jon Azkue sailburuordea eta Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea.
Orain arte bezala, Bermeoko, Santurtziko, Ondarroako, Sestaoko eta Mundakako alkateak ere egon dira bilkuran -herri horietakoak dira ontziko euskal arrantzaleak-. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia ere han izan da. Alderdi politikoetako arduradunak ere bai.
Alakrana-ko zortzi marinel galiziarrak dira, eta Vigon 18:00etatik aurrera manifestazioa egin dute. Milaka lagun bildu dira eta han, besteak beste, Angel Caballero hiriburuko alkatea.
alakrana auzia
Espainiak eta Somaliak bilera egingo dute bihar, Kenyan
'Alakrana' atunontziaren bahiketa bukatzeko elkarretaratzea egin dute Bermeon, marinelen senideek deituta, eta gaurkoan han izan dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak. Arrantzaleen familiako kideek Espainian espetxean dauden bi piratak Somaliara bidaltzeko eskatu dute, "Somalian epai ditzaten. Hori egiterik badu Espainiak". Ares Herrizaingo sailburuak esan du legediaren "zirrikitu denak aztertzen" ari direla, eta "aukerak" badaudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu