AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartearen aldizkarian elkarrizketatu dute Eduardo Torres Dulce Espainiako fiskal nagusia, eta bertan esan du Espainiak ezingo duela alde batera utzi Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinaz ematen duen ebazpena.
Torres Dulcek nabarmendu du Parot doktrina ontzat jo zutela Espainiako Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak, eta doktrinak "sendotasun teknikoa" duela. Hala ere, aitortu du "legitimoki eztabaidagarria" izan daitekeela, zuzenbidean "egia absoluturik" ez dagoela iritzita.
Estrasburgoko epaitegiak 2012ko uztailaren 10ean ebatzi zuen 192/2006 doktrina ez dela onargarria, Ines del Rio euskal presoak jarritako helegitea aztertu eta gero. Estrasburgoko Auzitegiak ebatzi zuen Del Rio Prada euskal presoari ez zitzaiola ezarri behar doktrina hori, eta, beraz, presoa "ahalik eta azkarrena" libre uzteko exijitu zion Espainiari.
Helegitea jarri zuen Espainiak, eta, sala txikiak 2012ko uztailean emandako ebazpena zuzena ote den zehazteko, bi aldeak entzun zituen berriro ere Europako Giza Eskubideen Auzitegiak.
Ebazpena berriro ere doktrinaren kontrakoa balitz, Espainiak ezingo luke bazter utzi Estrasburgoren epaia, Torres Dulceren esanetan.