HERRIKO TABERNEN AUZIA

Espainiak "inboluzioaren agenda" ezarri duela kritikatu du Sortuk

Alderdiak mobilizazioak prestatu ditu 'herriko tabernen' auziko epaiketa salatzeko. Hilaren 13an egingo dira protestak, 40 auzipetuen eta auzibidean dauden 90 'herriko tabernak' dauden herrietan. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide Margarita Uriak, berriz, azaldu du "denbora gehiegi" igaro dela auzia abiatu zutenetik.

2013ko ekainaren 6a
15:51
Entzun

Herriko tabernen auziaren epaiketa urriaren 17an hasiko dela jakinarazi zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta Sortuko presidente Hasier Arraizek eta alderdiko Bizkaiko koordinatzaile Maribi Ugarteburuk agerraldi bat egin dute gaur goizean horren harira.

"Zalantzarik gabe: epaiketa politiko berri baten aurrean kokatzen gara berriro ere", esan dute; argudiatu dutenez, "buruturiko jardun politikoarengatik" epaituko dituzte ezker abertzaleko 40 kide, eta epaiketarekin "helburu politikoak bilatzen ditu" Espainiak.

Sortuko ordezkarien ustez, "Euskal Herrian irekiriko jokaleku berriari erasotzea" eta "bakea eraikitzeko prozesuari eraso egitea" du helburu epaiketak. Gaineratu dute Espainiak "beldur izugarria" diola baketzeari, "jokaleku horretan erabakiko duelako herri honek bere askatasuna, independentziaz".

Epaiketa hasteko datari erreparatu diote Arraizek eta Ugarteburuk, eta nabarmendu dute Aieteko bake konferentziaren bigarren urteurrenean hasiko dela. "Bi urte igarota ezaugarri hauetako makroepaiketarekin, salbuespen politikoko neurri guztiekin jarraitzeak gauza bat uzten du argi: bakearen etsaiak, estatua bera, ez dago blokeo jarrera hutsean: inboluzioaren agenda ipini du martxan", adierazi dute. Hortaz, "aldebakartasunetik" jarraitzeko apustua berretsi du.

Mobilizazioa ezinbestekotzat jo dute, eta herritarrei dei egin diete ekainaren 13an 40 auzipetuen herrietan eta auzibidean dauden 90 'herriko tabernak' dauden herrietan protesta egitera, Konponbideari erasorik ez, utzi bakean Euskal Herria lelopean.

"Zentzu handirik ez", Margarita Uriaren ustez

Margarita Uria Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak herriko tabernen auziaren inguruan hitz egin du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, atzo jakinarazi baitzuten urriaren 17an hasiko dela epaiketa.

Uriak azaldu duenez, epaiketa egiteak "ez du zentzu handirik", iritzita "denbora gehiegi" igaro dela auzia abiatu zenetik. 2002an egin zuten herriko tabernen kontrako operazioa, Baltasar Garzon epailearen aginduz.

Justizia "modu ahalik eta azkarreanean" egin behar dela uste du Uriak; "tamalez, ohituta gaude gauzak une batean gertatzera eta epaiketa askoz beranduago izatera", gaineratu du. Egunkaria auzia aipatu du adibide gisara: "Denbora luzea igaro ondoren, absoluzioekin amaitu zen dena".

Bestalde, Bateragune auziko zigortuak ez askatzeaz Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiaz ere jardun du Uriak. Esan du "baikorra" zela eta bostak libre geratzea espero zuela, baina gaineratu du oraindik "irtenbide bat" badagoela; "auziaren mamia laster ebaztea" da irtenbide hori, Uriaren esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.