Espainiako Estatuak beste astebete bat eskatu dio Suitzako Justiziari Nekane Txapartegi euskal presoari buruzko dokumentazioa bidaltzeko. Berez, gaur zuen azkeneko eguna txostena Suitzako Justizia Bulego Federalak igortzeko, baina Txapartegiren abokatuak BERRIAri azaldu dio epea hilaren 22ra arte luzatu dutela. Gaur bertan jakin du albistea presoaren abokatuak.
Joan den apirilean atxilotu zuten euskal iheslaria, Suitzan, eta ekainean haren estradizioa eskatu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak, baina 1998an hark Espainian salatutako torturei buruzko txostena nahi du Suitzak, uztailaren hasieran jakin zenez.
Txapartegiren defentsak aurkeztutako dokumentuak aipatu ditu Suitzak. Batetik, Paco Etxeberria auzi medikuaren lantaldeak egindako ikerketaren ondorioak sartu dituzte —Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Tortura: 1960-2013 ikerlanaren barruan dago Txapartegiren kasua ere—; hau da, kasuari buruzko informazio guztia. Etxeberriaren hitzak ere jaso dituzte, eta salaketari sinesgarritasuna aitortzen dio auzi medikuak: "Egia da". Horrez gain, beste txosten bat ere bidali diote Espainiari: Suitzako psikologo batek egindakoa. Txapartegiri egindako azterketa baten ondoren, psikologo hark ondorioztatu du trauma osteko estresa jasan duela iheslariak, eta 1999an Guardia Zibilak egindako torturen ondorio dela.
18/98 auzian zigortu zuten Txapartegi, eta, zigorra ez betetzeko, Suitzara egin zuen ihes. Han bizi izan da azken urteetan, eta haren hurbilekoek BERRIAri azaldu zioten "erabat integratuta" zegoela eta bizimodu "arrunta" egiten zuela.
Zurich inguruko kartzela batean daukate preso.