torturak

Espainiak Otegiri kalte-ordain gisa 20.000 euro emateko agindu du

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak iaz atzera bota zuen Espainiako Auzitegi Gorenak ezker abertzaleko kideari jarritako kartzela zigor bat, eta isuna ordaintzera behartu zuen. 2003an, 'Egunkaria'-ren itxieraren ostean, Otegik esan zuen Espainiako erregea "torturatzaileen erantzulea" dela.

2012ko martxoaren 1a
18:41
Entzun

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak iazko martxoan Espainiari isun bat jarri zion, hark Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideari kartzela zigor bat jartzeagatik, eta Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioak agindu du Otegiri kalte-ordain gisa 20.000 euro pagatzeko, gaur Ministerioak berak Efe berri agentziari esan dionez. "Datozen orduetan" egingo dute ordainketa. Politikariaren adierazpen askatasuna urratzeagatik ipini zion Europak isuna Espainiari, 20.000 eurokoa —eta beste hiru mila ordaintzeko ere agindu zion, epaiketako kostuengatik—.

Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak esan du ez duela bat egiten Europako epaiarekin, baina bete egingo duela, "gogoz kontra" bada ere.

Espainiako Auzitegi Gorenak urtebeteko kartzela zigorra ezarri zion Otegiri 2005ean, horrek "erregeari irain larria" egiteagatik. Hain zuzen, Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalaren aginduz 2003an Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren kazetako arduradunek salatutako torturen erantzule izatea leporatu zion Otegik Juan Carlos Borboikoa erregeari.

"Diskurtso politikoaren testuinguruan egindako arau-hauste batengatik ezarritako espetxe zigorra ez da bateragarria Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko hamargarren artikuluak bermatzen duen adierazpen askatasunarekin", zioen iaz Estrasburgoko auzitegiak. "Adierazpen askatasuna gizarte demokratiko baten funtsezko oinarria eta haren garapenerako oinarrizko baldintza da".

Otegiren adierazpen haiek Euskal Herriarentzat interes publikokoak direla iritzi zion Estrasburgok, eta ez ziotela Espainiako erregearen bizitza pribatuari edo ohore pertsonalari eraso egiten. 

Europak ebatzi zuen torturei egindako erreferentziek "nahikoa lotura" badutela Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendariak emandako tortura testigantzekin.

Auziak, justuki, 2003ko otsailaren 26an du oinarria. Egunkaria itxi eta bost egunera, Espainiako erregea Bilbon izan zen, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako orduko lehendakariarekin batera zentral elektriko bat inauguratzeko. Otegiri prentsaurreko batean horri buruzko iritzia eskatu ziotenean, "lotsagarria" zela erantzun zuen: "Nola da posible Espainiako erregearekin argazki berean agertzea, hura bada Espainiako armadako buruzagi gorena, hau da, torturatzaileen erantzulea?". 

Otegi 2009ko urritik kartzelan daukate, Bateragune auziagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.