Francisco Franco diktadorearen gorpua Erorien Haranetik ateratzeko egitasmoak haren aldeko ahotsak azalerazi ditu Espainian. Oihartzuna izan duen gisa horretako azken adierazpena Espainiako Militarren Elkarteko hainbat kidek sinatutako manifestua izan da: Errespetu eta kalte-ordain adierazpena Francisco Franco Bahahonde Espainiako soldaduari jarri diote izenburu. Dokumentu horretan, Francoren irudia goraipatu dute 181 militar ohik; tartean, Espainiako Armadako goi agintari izandako hainbatek. Testuak argi islatzen du frankismoaren itzala luzea dela Espainiako Estatuko egituraren zenbait arlotan.
Testua 29 jeneralek, almirante batek, 105 koronelek, 15 teniente koronelek, 12 komandantek, 2 kapitainek, 11 ontzi kapitainek, fragata kapitain batek eta sarjentu batek sinatu dute, El Español egunkariak zehaztu duenez. Guztiak dira Espainiako Militarren Elkarteko kideak. Elkarte hori frankismoarekin lotu izan da hainbatetan, Francoren erregimenaren alde egin dituen adierazpenengatik. Espainiako Defentsa Ministerioaren laguntza jaso izan du.
Sinatzaileen esanetan, "zitala" da Francoren gorpua Erorien Haranetik ateratzeko egitasmoa. Ezkerrari "eta haren aldeko hedabide guztiei" leporatu die "mende erdiko historia ezabatu" nahi izatea eta "mendekua" sustatzea. Horrez gain, "Gerra Zibileko hainbeste borrokalari elkarrekin batzen dituen berradiskidetzearen sinboloa eraldatu edo suntsitu" nahi izatea ere egotzi diete.
Francoren historia itxuraldatua eta iraindua izan dela ziurtatu dute militar ohiek, eta Franco "eredugarri" jo dute "soldadu guztientzat". Beren hitzetan, "Espainiako Nazioaren biziraupenerako une erabakigarri hura iritsi zenean, armetako kideek egokitu zioten ardura bere gain hartu zuen, Fronte Popularrak onartu eta bere egin zuen nazioarteko komunismoaren erasoa eta setioa jasatzen ari zen Espainia haren aginte bakarra ezartzeko".
Sinatzaileek nabarmendu dute diktadoreari leporatzen zaizkion akusaziotako asko baztertzen dituztela, eta akusazio horien helburu bakarra belaunaldi berriek beren historiaren zati garrantzitsu bati entzungo egitea eta, ahal izanez gero, mespretxatzea dela ziurtatu dute. "Nazioaren lurraldearen desegitea eta espainiarren arteko ageriko desberdintasuna estaltzen duen aurrerapen faltsu bat justifikatu nahi da", adierazi dute.