Espainiako abokatu elkargoak biltzen dituen erakundea da Abokatuen Kontseilu Nagusia. Gutunean zehaztu du Carnicerrek "Euskal Herriko talde abertzaleen defentsan" jarduten zirela aste honetan atxilotu dituzten abokatuak, eta azpimarratu du atxilotutako abokatuen kopurua "handia" dela. Abokatu elkargo horretako presidenteak argudiatu du atxiloketek defentsa eskubidea urratu ahal izan dutela, "ez soilik atxilotuena, baizik eta baita euren bezero askorena ere".
Abokatuen Kontseilu Nagusiko iturriak aipatuz, Efe albiste agentziak dio errespetuz idatzitako kexa dela, "epaitegien lanean nahasteko asmorik gabe idatzitakoa". Gogorarazi dio Navarrori, baina, atxilotutako abokatuetako batzuk Madrilen zeudela Auzitegi Nazionalean bertan 04/08 auzian parte hartzeko, eta epaiketa hori bertan behera utzi behar izan zutela.
Guztira, hamasei lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak aste honetan. Horietatik hamabi ziren abokatuak, eta guztiak aske geratu dira epailearen aurretik pasatu ondoren. Abokatuekin batera, ordea, Herrira-ko langile izandako lau ere atxilotu zituzten, eta horietako hiru espetxeratzeko agindua eman zuen atzo epaileak.