Maria Luisa Cava de Llano Espainiako Estatuko arartekoa Etxerat elkartearekin harremanetan jarri da, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamalau euskal presoei buruzko mediku txostenak eskatzeko, Etxeratek gaur esan duenez. Elkarteak igorria dio dokumentazioa.
Preso eta iheslarien elkartea martxoaren 27an EAEko ararteko Iñigo Lamarcarekin bildu zen Gasteizen, eta hil bereko 30ean Nafarroako ararteko Francisco Javier Enerizen ordezkari batekin Iruñean, gai beraz. Biek esan zuten horri buruzko eskumenik ez dutela, baina Espainiako arartekoari gaixorik diren presoen dokumentazioa helaraziko ziotela. Lamarcak zioen Espainiako Espetxeetako Zuzendaritzari ere bidaliko ziola informazioa.
Bilera haiek egin eta egun batzuetara Etxeratek Maria Luisa Cava de Llano arartekoaren gutun bat jaso zuen, elkartearen "kezkaren" berri jaso zuela esanez eta informazioa pasatzeko eskatuz. Etxeratek ekainaren 8an igorri zizkion gaixotasun larriak dituzten presoen mediku txostenak, Nafarroako arartekoaren bulegoaren bitartez.
"Ona da Espainiako arartekoak gaixotasun sendaezinak dituzten gure senide eta lagunen inguruko kezka azaltzea", esan du Etxeratek. "Gu oso kezkatuta gaude preso haiek espetxean bizi duten egoerarekin. Espero dugu Cava de Llanok egoki erantzutea eta esku hartzea. Izan ere, gure senideek etxean egon behar dute berehala, dagokien asistentzia mediku egokia jaso ahal izateko".
Maria Luisa Cava de Llano 2005ean Enrique Mujika Espainiako arartekoaren ondoko gisa izendatu zuten. 2010eko uztailaren 1etik arartekoa da.