Gazte Abertzaleak EAren gazte erakundeak gaur goizean sareratu ditu argazkietako batzuk. Horietan, dozenaka militar ageri dira Larraitzen, Abaltzisketan (Gipuzkoa). Ez da lehen aldia, ordea, Euskal Herrian halako irudi batekin topo egiten dutena. Urteko garai ezberdinetan eta hainbat txokotan egiten dituzte maniobrak militarrek; udan, neguan, hauteskunde garaian, basamortuan, zelaian, mendian...
Espainiako ejerzitoa Larraitzen maniobrak egiten!! #Utikan@Antifaxismoa@tolosaldeataria@naiz_info@berriapic.twitter.com/tORqTENkKz
— Gazte Abertzaleak (@gazte) August 27, 2015
Bardean hainbat alditan salatu dituzte, azken urteotan, Espainiako armadaren ariketa militarrak. Joan den uztailaren amaieran, gizon bat zauritu zen suzko arma baten ondorioz, tiro eremuaren segurtasun alderditik kanpoko pista batetik zihoala, autoz. Martxoaren 5ean ere, antzerako ezbeharra gertatu zen; hegazkin militar batek bi lehergailu bota zituen tiro eremutik at, eta ibilgailu batetik 50 metro eskasera erori ziren. 1951. urtean jarri zuten martxan Espainiako armadaren Bardeako azpiegitura, eta egun, tiro eremuaren inguruko kartelek bidea ixten diete bisitariei, maiz zerua bonbaz betetzeko.
Bestalde, 2012an, 75. urte bete ziren Intxortako frontea erori, eta frankisten armadak Elgeta hartu zuenetik, eta urteurren horretan, Espainiako Armadak maniobra militarrak egin zituen. "Lurralde nazionaleko edozein tokitan, bere etxean dago armada", erantzun zien Espainiako Defentsa ministroak ekintza hori salatu eta "probokaziotzat" hartu zutenei.
Urtebete lehenago, hauteskunde garaian, Euskal Herriko hainbat txokotan egin zituzten maniobrak militarrek. Gipuzkoako Adarra mendiaren inguruetan eta Leitzan (Nafarroa) ikusi zituztela jakinarazi zuten bertako bizilagunek. "Inongo baimenik gabe eta herritarren artean arriskua eraginez" aritu izana salatu zuen Leitzako Udalak.