Espainiak 1.200 militar inguru ditu Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta, El Mundo egunkariak zabaldu duenez, horiek berregituratzeko asmoa du Espainiako Defentsa Ministerioak.
Arakako basean izango dira aldaketa nagusiak, Araban. Bertan da San Martzial brigada, eta desagertu egingo da talde hori. Gainera, bertako unitate operatiboak Zaragozara (Espainia) eramango dituzte; han sortuko duten brigadara eramango dituzte Arakaban eta Nafarroan dauden militar ugari. Hala ere, 250 militar inguru Burgostik Arakara eramango dituzte.
Gasteiz kanpoaldeko base horretan daude Hego Euskal Herrian dauden militarren erdia inguru. Hala ere, Espainiako Gobernuak ukatu egin du berregituraketa horrek Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan dauden militarren kopurua nabarmen urritzea eragingo duenik.
Bestalde, Solletxeko (Mungia, Bizkaia) eta Loiolako (Donostia) kuartelak bere horretan mantenduko ditu ministerioak, baina Kordoba eta Badajozko unitateen menpe egongo dira orain. 2015eko bigarren seihilekoan ari dira aldaketok egiten, armadako bozeramaileek egunkari horri adierazi diotenez.