Aire erakustaldia

Espainiako Armadaren aire erakustaldiaren kontra agertu dira Gasteizko hainbat herritar

Gasteiz Desmilitarizatua plataformak gaur eskaini duen prentsaurrekoan Espainiako Armadaren ‘Aguila’ hegazkin patruilak Gasteizko jaietan egingo duen erakustaldiaren kontra agertu da. 1990. urteko maiatzean “udalerri esparruan edonolako ekitaldi edo parada militarrak saihesteko” mozioa Udalak aho batez onartu zuela ekarri dute gogora. Plataformak uztailaren 31n egingo den manifestaziora joateko deia ere egin du.

2004ko uztailaren 14a
18:48
Entzun
Andra Mari Zuriaren jaiak direla-eta, Espainiako Armadako Patrulla Aguila delakoak aire erakustaldia egingo du Gasteizen, abuztuaren 4an. Erabakia Alfonso Alonso alkateak hartu du. Erabaki horren kontra Gasteiz Desmilitarizatua plataforma agertu da, Gasteizko 50 erakunde sozial eta elkarte baino gehiagok osatua. Plataformak Alonso alkateari gogorarazi dio 1990ean Gasteizko Udaleko Osoko Bilkurak “udalerri esparruan edonolako ekitaldi edo parada militarrak saihesteko” mozioa aho batez onartu zuela.

Gaur Gasteiz Desmilitarizatua plataformak eskaini duen prentsaurrekoan alkatearen erabakia kritikatu dute, eta aire erakustaldiaren kontra agertu dira. Prentsaurrekoa Gasteizko hainbat herritar ezagunek eskaini dute. Jose Angel Cuerda alkate ohia, Bernardo Atxaga idazlea eta Mikel Urdangarin kantaria izan dira, besteak beste, agerraldian.

Plataformak azpimarratu du Patrulla Aguila -ren pilotuak ez direla “akrobata errugabeak” eta erakustaldietan ez daudenean C-101 gerra hegazkinen pilotu izango direnak trebatzea dela haien helburua, “erasorako izaera duten aireontzi hauek gudatan erabil ditzaten”

Patrulla Aguila -ren aire erakustaldiak Gasteizko jaietan militarren presentzia agertzeko helburua duela adierazi dute Gasteiz Desmilitarizatua plataformakoek, “hiritargoaren sentipenarekiko mesprezuzko erakustaldian”. Horregatik, jendeari “desmilitarizazio sozialaren alde” antolatuko diren ekimen eta mobilizaioetan parte hartzeko deia egin diote jendeari. Mobilizazio horietako bat uztailaren 31n antolatu duten manifestazioa izango da, Patrulla Aguila -ren aire erakustaldiaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.