Maniobra militarrak

Espainiako Armadaren maniobrak Euskal Herrian

Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban etzira arte ariketak egiten jardungo dutela jakinarazi dute

2006ko irailaren 27a
15:55
Entzun
AINHOA SARASOLA

Urtero udazkenarekin batera iritsi ohi dira Espainiako armadako soldaduak Euskal Herrira maniobra militarrak egitera. Udazkenari aurreratu eta Nafarroan udan ere ibili ziren militarrak aurten, Sakana aldean batez ere. Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan ikusi dituzte egunotan eta Araban ariko direla ere iragarri dute, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak hainbat udaletara bidalitako jakinarazpenean dioenez. Dagoeneko hainbat herritarrek egin dute topo euren udalerrietako bide eta errepideetan berdez jantzita eta motxilak bizkarrean dabiltzan pertsona armatuekin.

Gipuzkoan, Azpeitiatik Zestoarako errepidearen bi aldeetan, esaterako, fusilekin armatutako ehun soldadutik gora oinez ibili ziren atzo goizean, ilaran, motxilak bizkarrean eta fusilak eskuetan hartuta. Urola-Kostako Hitzak zabaldu zuenez, Zestoara iritsi aurretik, Lasao inguruko zelaietan, bazokekin praktikak egiten ere aritu ziren soldaduak. Zumaian, Orruatik Askizurako bidea hartu zuten Espainiako armadako soldaduek, mendian gora. Getarian, Gaztetape hondartza inguruan hainbat kamioi militar zituzten zain, oinez zetozen soldaduak jasotzeko.

Jendeak harrituta begiratzen zien goitik. «Baina, zer da hau? Gerra ailegatu al da edo?» zioten elkarren artean zenbait erretiratuk, hondartza aldera begira, «hauekin broma gutxi!», gaineratuz.

Eskualdeko udaletan, Gipuzkoa Araba eta Bizkaikoetan bezala, maniobren berri ematen zuen jakinarazpena jaso zuten orain egun gutxi. Gehienetara hilaren 22an, iragan ostiralean, iritsi zen Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren oharra --Bizkaikoetara, bederen--. Bertan alkateari jakinarazi zaio hilaren 24tik 29ra bitarte «Parakaidista Brigadak instrukzio ariketak egingo dituela herrialde honetan egoitza daukan Brigada de Infanteria Ligera San Marcial V deritzon Unitateekin batera». Maniobrak zein udalerritan eta zein egunetan izango ziren ez zen zehazten fax bidezko ofizioan.

Ariketa horien helburuari buruz, jakinarazpenak dio orografia zaila duten guneetan «maila guztietako agintedunen ekimena bultzatzea» dela xedea. Hartarako, «eskuzko irekiera eta automatikoa erabiliz parakaidista irtenaldi saioak» egingo direla dio jakinarazpenak eta, horren ostean, «tropen heligarraio eta ibilgailu militarrekin sekzio konbinatu motako unitateen oinezko lekualdaketak» egingo direla ere. Maniobra horien baitan ez dela «inolaz ere tiro arketarik egingo» gehitzen du.

Ariketek iraun bitartean ingurumena eta jabego pribatua errespetatuko direla, eta soldaduek ez dutela tokian tokiko ohiko jardueretan eragozpenik sortuko dio, halaber, Espainiako Gobernuaren ordezkariordeak sinatutako jakinarazpenak.

Bizkaian barrena ere

Bizkaiko udaletan ere jaso zuten jakinarazpena, iragan asteko ostiral eguerdian gehienek. Durangaldean ibili ziren atzo Espainiako armadako militarrak. Atzo goizean bertan Berriatuan zebiltzan Espainiako armadako ehun bat oinezko soldadu, armak eskutan. Lea-Artibaiko Hitzak jakitera eman zuenez, kamioien ilarak Erribera gurutzatu zuen 10:00ak aldera, eta Madalena auzorako bidegurutzetik sartu zen. Trafikoa eten eta norabide bietan ilarak sortarazi zituen armadaren konboiak Zikautxoko biderantz sartzerakoan. Handik, berriz, 11:00k aldera, infanteriako soldaduek oinez ekin zioten Asterrika auzoranzko bideari. Arratsaldean Amorototik ere igaro ziren militarrak.

Beste hainbat herri eta eskualdetan ere ikusi dituzte soldaduak maniobretan, hainbat herritarrek BERRIAri jakinarazi diotenez. Hala, herritar batek ehun bat soldadurekin egin zuen topo lanerako bidean, 7:00ak zirela, Elorrioko Eroski parean. Beste batek, Otxandiotik Gasteizerako bidean, Espainiako armadako auto eta kamioi militar «pila» gurutzatu zituen urtegiaren albotik doan errepidean. Abadiñotik ere ibili omen ziren soldaduak atzo goizean; bi helikoptero ikusi zituzten arratsalde partean. Itsasondoko Udalera ere abisua iritsi zaiela jakinarazi zuen beste herritar batek, baina soldaduak noiz iritsiko diren zehaztu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.