Militarrak unitik at leloarekin, elkarretaratzea egin dute gaur LABek, ELAk, CGTk, LKNk, Ikasle Abertzaleek, Eraldatuk, Asamblea Libertariak, Talde Feministak, Akelarre Emakume Taldeak eta NUPen Euskaraz elkarteak. Espainiako armadaren "propaganda kanpainan laguntzea" egotzi diote NUPi, eta "indarkeria ikasgela barruan normalizatzearen aurka" agertu dira.
"Armada patriarkatuari, autoritarismoari eta beste hainbat balio atzerakoiri eusten dion erakundea da", adierazi dute. Eragileek ohartarazi dute armadak unibertsitateko ezagutza erabili nahi duela "armen negozioen zerbitzura jartzeko", eta jardun hori "gutxi batzuen irabaziaren iturria eta askoren erabateko malurarena" dela salatu dute. Eragileen iritziz, "lotsagarria" da NUPek armadari "ateak irekitzea".
Arrazoi horiek direla eta, NUPeko errektore Alfonso Carlosenari galdegin diote jardunaldiak bertan behera utz ditzala, gezurrezko "irudi idilikoa" eskaini nahi duela argudiatuta. Unibertsitateko komunitate osoari, berriz, jardunaldiak arbuiatzera dei egin diete.