Abuztu hasieran aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak datorren urterako aurrekontu proposamena, eta, iragarri zuten bezala, osoko zuzenketak aurkeztu dizkiote proiektuari Amaiurrek, EAJk eta Geroa Baik. Espainiako Kongresuan erregistratu dituzte zuzenketak.
Rafa Larreina Amaiurreko diputatuak adierazi du PPren gobernuak aurkeztutako kontuek ez dietela "herritarren benetako beharrei" erantzuten; bai, ordea, "botere ekonomikoei". Larreinak salatu du horrek "Euskal Herrian eredu ekonomiko eta sozial berri bat martxan jartzea" oztopatzen duela, eta beharrezkotzat jo du "esparru subirano bat materia ekonomiko, finantziario, fiskal, sozial eta laboralean”.
Pedro Azpiazu EAJko diputatua ere egitasmoaren aurka agertu da: "Iruzur demokratikoa da hauteskunde orokorren ondoren aldatuko den gobernuak orduan edukiko ez duen gehiengoaz baliatuz aurrekontuak onartzea". Gainera, uste du estatua Euskal Y-an egiten ari den inbertsioa ez dela “behar bestekoa konpromisoa betetzeko, hau da, obra 2019rako amaitzeko”.
Bestalde, Bixente Serrano Izko Geroa Baiko diputatuak “zailtasunetan dagoen PP baten neurrira diseinaturiko” kontuen “sinesgarritasuna” zalantzan jarri du, "gobernua mantentzeko edozer gauza egiteko interesatuagoa baitago hiritarren benetako arazoak konpontzean baino".