Politika

Espainiako aurrekontuekin "xantaia" egitea egotzi dio PSEk EAJri

Jeltzaleen eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioetan Lopez lehendakariak "erabakitzeko gaitasuna" izango duela ohartarazi du Jose Antonio Pastorrek. Aurrekontuen truke Estatutua betetzeko exijitu zion atzo Urkulluk Zapaterori, eta ildo bereko adierazpenak egin ditu gaur Erkorekak.

2010eko abuztuaren 28a
18:12
Entzun
EAJko buruzagiek Espainiako Gobernuarekin dituzten negoziazioei buruz azken orduetan egin dituzten adierazpenetan "mehatxu tonua" sumatu du Jose Antonio Pastor PSE-EEren zuzendaritzako bozeramaileak. Areago, aurrekontuen harira "xantaia" egiten aritzea leporatu die jeltzaleei: "Garrantzitsua da Estatuko aurrekontu orokorrak onartzea eta EAJk bere ardura kuota jartzea. Halaber, arrazoizkoa da aurrekontuei begira bere proposamenak jartzea. Aldiz, ez da arrazoizkoa xantaia soila egin nahi izatea", esan du Pastorrek gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.

Iñigo Urkullu EAJko presidenteak eta Josu Erkoreka Espainiako Kongresuko jeltzaleen bozeramaileak azken orduetan egin dituzten adierazpenei erantzunez esan du xantaiarena Pastorrek. Izan ere, aurrekontuak hitzartzekotan Zapateroren gobernuari Estatutua betetzeko exijituko diotela iragarri zuen atzo Urkulluk ikasturte politikoa hasteko Zarautzen (Gipuzkoa) egin zuen mintzaldian. Ildo beretik, Espainiako aurrekontuak aurrera ateratzen ez baditu Zapaterok hauteskundeak aurreratu beharko dituela ohartarazi du gaur Erkorekak.

"Tentsio estrategiaren parte da hori; estutzeko saioarena eta euskal interesen zaindari bakar gisa agertzeko ahaleginarena", iritzi dio Pastorrek, eta jeltzaleen helburu bakarra egungo Jaurlaritzari kalte egitea dela. PSE-EEko buruzagiaren arabera, ondo ikusten dute jeltzaleek eskumenak eskatzea, eta horretan bat datozela ziurtatu du. Baina Pastorren aburuz, Estatutua betetzeaz ari direnean, beste aurrerapausu bat egiten du EAJk, eta Estatutua bera gainditu eta Ibarretxe Plana gauzatzeaz ari da. Halakorik ez dutela onartuko ohartarazi du. Ildo horretatik, Pastorrek esan du Zapateroren gobernuaren eta EAJren negoziazioetan zuzenean ez parte hartu arren, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak "erabakitzeko gaitasuna" izango duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.