Espainiako Auzitegi Gorenak publiko egin du Francisco Francoren momia hobitik ateratzeko baimentzen duen autoa. Joan den asteartean eman zuen horretarako baimena, baina oraindik jendaurrean eman gabe zeuden auzitegiaren arrazoiak eta erabakiak izango zuen eragina. Autoan, auzitegiak adierazi du Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko lanek ez dutela obretarako baimenik behar, eta, beraz, ez dagoela hura atzeratzeko hirigintza arrazoirik. Horrenbestez, pausoa eman du desobiratzea trabatzen duten oztopo judizialak gainditzeko. Izan ere, Jose Yusti Bastarretxe epaileak —jendaurrean azaldu da memoria historikoaren aurka— diktadorea hobitik ateratzeko lanak eten zituen ebazpen batean, "hilobiaren 2.000 kiloko estalkia altxatu behar duten beharginen segurtasuna" oinarri hartuta. Auzitegi Gorenak epailearen erabakiaren kontra egin du, eta ebatzi du Espainiako Gobernuaren erabakiak ez duela legea urratzen hirigintza baimenik gabe jardunda ere, desobiratze lanak "obra txikia" direlako. Haren esanetan, Ministro Kontseiluari dagokio lanak adostea.
Horrez gain, Gorenak baztertu egin du Francoren gorpuzkiak Almudenako katedralera eramatea. Segurtasun arrazoiak eta "Francisco Franco Bahamonderen garrantzia" aipatu ditu argudio gisa. Auzitegia Francoren momia El Pardoko hilerrira eramatearen alde mintzatu da. Adierazi du gobernuak familiaren erabakiaren zain egon ondoren hartu zuela diktadorea hara eramateko erabakia. Azaldu duenez, senideak hobiratzeko toki bat aukeratzeko eskubidea "ez da mugarik gabekoa", eta gaineratu du Franco hobitik ateratzea ez dela "izaera pribatukoa".
Francoren sendiak aurkeztu dituen argudio guztiak baztertzen ditu auzitegiaren autoak, eta Espainiako Gobernuarenak berresten. Hala, Espainiako Auzitegi Konstituzionala da Francoren desobiratzea atzeratu dezakeen instantzia bakarra. Francoren familiak iragarria du hara joko duela helegitea aurkeztera, sendiaren oinarrizko eskubideak urratu direla iritzita. Konstituzionalak ez du zertan Francoren desobiratzea eten auzia aztertzen duen bitartean, baina lanak behin-behinean etetea erabaki dezake.