Maiatzeko hirugarren astean ekin zion Donostia aldean emititzeari Antxeta Irratiak, FMko 105.8 frekuentzian. Baina azken epaia falta zen, lizentziarekin normal jarraitu ahal izateko. Iritsi da Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia, eta arrazoia eman dio Antxeta Irratiari. Horrenbestez, legea betez, Donostian eta Gipuzkoako beste herri hauetan emititu ahalko du euskarazko irratiak: Hernani, Usurbil, Lasarte-Oria, Urnieta, Lezo, Errenteria, Pasaia eta Oiartzun.
Eusko Jaurlaritzak 2012an irekitako irrati lizentzien deialdian, Antxeta Irratiak Donostia aldean hedatzeko baimena lortu zuen. Gero, gobernu aldaketarekin, lehiaketa prozesua bertan behera utzi zuten. Antxeta Irratiak auzitara jo izan du, eta azken erabakia, Espainiako Auzitegi Gorenarena, alegia, behin betikoa da.
Aitziber Zapirain Antxetako koordinatzailea pozik mintzatu da irratian bertan: "Ibilbide luzea egin dugu epaitegietan, eta guk espero bezala arrazoia eman digute epaileek". Azken erabakiari esker, Antxeta irrati komunitario legala izango da Hego Euskal Herrian, frekuentzia batekin. "Antxeta legalki euskaraz emitituko duen irrati komunitario bakarra da Gipuzkoan. Kontuan hartu behar da Arrosa irrati sarean 30 irrati gaudela; Ipar Euskal Herrian legalak gara, baina Hego Euskal Herrian beti alegaltasun horretan ibili behar izan gara".
Aurrera begira ere jarri da Antxetako koordinatzailea: "Orain egin behar duguna da bidea ireki Donostialdean herritarrek eskatzen duten irrati komunitario baten programazioa sortzeko. Gogoeta abiatua dugu, eta espero dugu irailetik aurrera programazio berezitua eskaini ahal izatea bertako biztanleei".