Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin du Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27an onartu zuen Galdeketaren Legea, Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela argudiatuta, Espainiako subiranotasuna urratzen duelakoan. Aho batez hartu dute erabakia epaileek. Aurtengo urriaren 25ean egin nahi zuen Eusko Jaurlaritzak herri kontsulta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Espainiako Gobernuak sartu zuen helegitea -PPk ere bai-.
Jaurlaritzak esana zuen debekuaren kasuan ez duela galdeketa deituko. Irailaren 1ean, berriz, herritarrei eskatu zien, Konstituzionalak debekua emanez gero, auzia Estrasburgora, Europako Batasuneko Giza Eskubideen Auzitegira bideratzeko, parte sartuta, erabakiak “pentsatzeko, adierazteko eta elkartzeko eskubideak urratzeagatik”.
Legeak, Jaurlaritzako hirukoaren botoak ez ezik -EAJ-EA-EB, 32 legebiltzarkide; 22, 7 eta 3-, Aralarkoarena eta EHAK-ko batena ere jaso zuen. Denera, beraz, aldeko 34 boto. Kontrakoak, 33 (PSE-EEko 18 eta PPko 15). EHAK-ko beste zazpi legebiltzarkide abstenitu egin ziren (talde horretako beste bat falta zen saioan, bajan zegoelako).
Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak 2007ko irailaren 28an aurkeztu zuen lege proposamena. Geroztik Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu nahi izan zuen, honek ezezkoa eman zion, eta horregatik eraman zuen proposamena bozkatzera Eusko Legebiltzarrera.
"Ia 30 urte pasatu dira [EAEko] Estatutua onartu zenetik, eta bete gabe jarraitzen du. Egoera desblokatu egin nahi dugu, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko", zioen ekainaren 27ko osoko bilkuran Ibarretxek. EHAK-k erantzun zion auzitegiak ez zuela onartuko legea eta EAJk, ebazpena onartuta, ez duela galdeketa antolatuko.
Iragarria zuen bezala, kontsulta legeak EAEko buletinean irten eta segituan Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean helegitea sartu zuen, legea Konstituzioaren kontrakoa dela iruditzen zaiolako eta Espainiako exekutiboaren baimenik ez duelako jaso. Gobernuak helegitea sartzearekin batera automatikoki gelditu egin zen Galdeketaren Legea, behin-behinean, eta ordutik Konstituzionalak bost hilabeteko epea zeukan erabakia hartzeko. Gaur jakinarazi du.
Jaurlaritzak urriaren 25ean egin nahi zuenez kontsulta, irailaren 15a zuen hori deitzeko azkeneko eguna, eta Konstituzionalari eskatu zion ordurako hartzeko erabakia.
Kontsulta
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin du EAEko Galdeketaren Legea
Konstituzioaren kontrakoa dela diote epaileek. Eusko Legebiltzarrak ekainean onartu zuen legea, eta urriaren 25ean egin nahi zuten kontsulta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu