Espainiako Auzitegi Nazionalak 23 urteko zigorra ezarri dio Ainhoa Garzia Monterori. Gorka Landaburu kazetariaren aurkako atentatuan parte hartzea leporatuta epaitu dute. Garciak, gainera, 481.222 euroko kalte-ordaina eman beharko dio Landabururi, eta 118.778 eurokoa Barne Ministerioari.
Martxoan Espainiara estraditatu zuten Garcia. Frantzian atxilotu zuten, 2003an.
2001eko maiatzaren 14an, Landaburuk lehergailu bat jaso zuen Zarautzen, etxean. Lehergailua pakete batean zegoen ezkutatuta, eta hura ireki zuenean eztanda egin zion. 2001eko ekainaren 26an, ETAk bere gain hartu zuen atentatua.
Atentatu horretan bertan parte hartzea egotzita zigortu zituzten otsailean Xabier Makazaga eta Oskarbi Jauregi ere, bakoitzarentzat 23 urteko espetxe zigorrarekin.