'Egunkaria Auzia'

Espainiako Auzitegi Nazionalak 600.000 euroko bermea eskatu du Iñaki Uria aske uztearen truke

Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Salak 600.000 euroko bermea ezarri dio Iñaki Uria ‘Egunkaria’-ko kontseilari ordezkariari behin-behinean aske ateratzeko. Gainera, bermea dirutan ordaindu behar dela agindu du Auzitegi Nazionaleko 1. Salak, eta, halaber, egunero-egunero bere burua hurbilen duen polizia etxera aurkezteko baldintza jarri dio Uriari. Aurrekaririk gabeko fidantzaren handitasuna eta badaezpadako neurri gogogorrak Uriak ihes egiteko arriskua dagoela esanez justifikatu ditu Auzitegi Nazionalak. Egun, Aranjuezko espetxean dago preso ‘Egunkaria’-ko kontseilari ordezkaria.

2004ko apirilaren 28a
19:42
Entzun
2003ko abenduaren 24an Juan del Olmo epaileak Iñaki Uria askatzeko eskaera atzera bota zuen, eta horri erreforma helegitea aurkeztu zioten abokatuek. Helegite horri ere ezezkoarekin erantzun zion Del Olmok; eta, dei helegitea jarrita, afera Auzitegi Nazionaleko 1. Salara pasa zen. Martxoaren 23an egin zen Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Salan Uriaren askatasun eskaerari buruzko helegitea aztertzeko auzi saioa. Defentsako abokatuek saio horretan argudiatu zuten Uriaren “ibilbide profesionalak” eta “gizartean duen sustraitzeak” baliogabe uzten duela ihes egiteko arriskua.

Egunkaria auzian atxilotutako hemeretzi lagunetatik bi daude espetxean oraindik: Xabier Alegria eta Iñaki Uria. Xabier Alegriaren kasuan epaileak baldintzapean aske uztea onartu zuen, nahiz eta bazekien ezin zuela espetxetik atera, Udalbiltzaren sumarioagatik baldintzarik gabeko espetxeratze agindua zegoelako. Hamalau hilabete pasa dira Juan del Olmo epailearen aginduz Guardia Zibilak Egunkaria itxi zuenetik.

Defentsa erregu helegitea aurkeztuko aukera aztertzen ari da, hain zuzen ere, findatza murritz dezatelaeta abal bidez ordaintzeko aukera eskatuz, zein egunero-egunero polizia etxera joan beharra ken diezaioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.