gizartea

Espainiako Auzitegi Nazionalak aske utzi du 'Alakrana'-ren ustezko bahitzaile bat, adin txikikoa delako

Pasa den astean ustezko bi pirata atxilotu zituzten eta Madrilera eraman han epaitzeko. Duela hemezortzi egun bahitu zuten piratek ontzia Indiako Ozeanoan, eta arrantzaleen familiako kideek diote azkeneko lau egunetan ez dutela berririk izan.

2009ko urriaren 20a
16:26
Entzun
Pasa den astean, Alakrana Bermeoko (Bizkaia) atunontziaren ustezko bi bahitzaile atxilotu zituzteneta Madrilera eraman han epaituak izateko, baina gaur horietako bat libre utzi dute. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak eman du aske uzteko agindua, mediku frogak egin ostean, adintxikikoa dela frogatu dutelako. Ustezko bahitzaileak gutxienez 17 urte dituela diote atxilotuari egindako frogek, eta ez 19 hasiera batean uste zuten bezala.

Eguerdian Madrilgo Alcalako espetxetik atera da eta hiri horretako Adintxikikoen Fiskaltzara esku utzi dute. Orain, adintxikikoen egoitza batera eraman dezakete.

Espainiako Fiskaltzak ustezko bi bahitzaileen aurkako kartzela zigorra eskatu zuen, arrantzaleren bahiketan parte hartzea, indarkeria erabiliz lapurreta egitea eta armak erabiltzea leporatuta.

Bahiketari buruzko informazio gehiago nahi dute senideek

Alakrana atunontziko euskal arrantzaleen senideek bahiketari buruzko "informazio gehiago" eskatu dute. 36 lagunek osatzen dute tripulazioa, eta haietatik zazpi euskal herritarrak dira. Galiziakoak dira beste batzuk, eta horien familiek ere azalpenak eskatu dituzte.

"Egoera jasanezina da", adierazi dute gaur, ohar baten bidez, euskal marinelen senideek, eta "kezkatuta" daudela agertu dute. "Azkeneko lau egunetan ez dugu haien berririk izan".

Arrantzale horien askatasuna eskatze aldera, Gure arrantzaleentzat askatasuna lelopean mobilizazioak egingo dituztela iragarri du Bermeoko Udalak, nahiz eta ez duen zehaztu noiz edo non egingo diren. Bermeoko Udalaz gain, gainerako euskal arrantzaleen udaletxeak ere batuko dira deialdi horretara, Santurtzikoa, Sestaokoa, Ondarroakoa eta Mundakakoa (Bizkaia), hain zuzen ere.

Urriaren 2an Indiako Ozenoan bahitu zuten Alakrana, piratek, Somaliatik 375 miliara, eta ontziko kideak libre uzteko 2,7 milioi euro eskatu dituzte bahitzaileek. Espainiako Gobernua ari da piratekin negoziatzen.

Xabier Legarreta Bermeoko alkateak bahiketa bukatzeko "pausoak" eman behar direla aldarrikatu zuen ostegunean, "arrantzaleak lehenbailehen itzul daitezen etxera".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.