Eskubide zibil eta politikoen aldeko Bat Egin Eguna ospatu zuten atzo, Lakuntzan (Nafarroa), eta Martxelo Otamendi eta Maribi Ugarteburu -Egunkaria eta Udalbiltza auziko auzipetuak, hurrenez hurren- Francisco Franco Espainiako diktadorea hil zenetik 34 urte igaro diren arren Espainiako Auzitegi Nazionalak "auzitegi politiko bezala jokatzea" salatu zuten eguerdiko ekitaldi nagusian.
Auzi politikoetan auzipetuta daudenek antolatu zuten eguna; horien artean, Udalbiltza, 18/98, Egunkaria eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako auzipetuek. Bat Egin Egunaren antolatzaileen arabera, haietako asko dagoeneko epaituta daude, eta espetxean dituzte gehienak. Beste dozenaka lagun epaiketa zain daude; kalean batzuk, preso besteak.
Udalbiltzak osatutako Euskal Herriko Eskubideen Karta ere irakurri zuen Ugarteburuk, eta eskubide zibil eta politikoen alde lan egitea ez dela delitua nabarmendu zuen. "Eskubideen urraketa hori auzipetuen arazoa bakarrik" ez dela eta "Euskal Herriarena" ere badela adierazi zuen Udalbiltza auziko auzipetuak. Otamendik etorkizuneko epaiketen aurka herritarrek "protesta egiten jarraitzeko" eskatu zuen.
Jende ugari joan zen atzokoan Lakuntzara; lau mila inguru, antolatzaileek ziotenez. Goizetik hasitako ekitaldiak adin guztietako lagunentzat izan ziren; beraz, bai haurrek -Pirritx eta Porrotx pailazoekin- eta baita helduek ere -musika eta dantza ekitaldiekin- gozatu ahal izan zuten.
politika
Espainiako Auzitegi Nazionalak "auzitegi politiko bezala jokatzea" salatu dute Bat Egin Egunean
Lakuntzan ospatu zuten atzo eskubide zibil eta politikoen aldeko ekitaldia. Udalbiltza, 18/98, 'Egunkaria' eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren auzi politikoetan auzipetuta daudenek antolatu zuten ekimena, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu