"Debekuaren bat etortzen bada Eusko Legebiltzarra da jarraitu beharreko bidea marraztu behar duena", nabarmendu du Unai Ziarreta EAko presidenteak Espainiako Auzitegi Konstituzionalak herri galdeketa debekatzeko aukeraren inguruan. "Ez da alderdi politiko bat izango erantzuna zein izan behar duen erabakiko duena", erantsi du. Horrenbestez, zeharka bada ere Iñigo Urkullu EAJko presidenteari erantzun dio EAko buruzagiak, Konstituzionalak debekatuz gero galdeketa ez dela egingo adierazi baitu berriki Urkulluk.
Batzar Nazionala egiten ari da gaur EA Gasteizen, eta bilkuraren hasierako hitzaldian aritu da Ziarreta herri galdeketaz. "Ezin dugu ukapen eszenatoki bat aldez aurretik natural eta normal onartu, eta besterik gabe Espainiako legalitatea onartu", azpimarratu du.
Ziarretak agertu du erabat sinetsita dagoela herri galdeketa egiteko lege proposamena aurrera aterako dela Eusko Legebiltzarrean ekainaren 27ko bilkuran. Horretarako, EHAK-ko legebiltzarkideen babesa jasotzea ezinbestekoa du Jaurlaritzako hiruak. Nekane Erauskin EHAK-ko legebiltzarkideak gaur goizean esan du erabakia oraindik ez dutela hartu eta aukera guztiak zabalik daudela.
Politika
Espainiako auzitegiek galdeketa debekatuz gero Eusko Legebiltzarrari dagokiola erabakiak hartzea uste du Ziarretak
Ekainaren 27ko Legebiltzarreko bilkuran kontsulta egitea onartuko dela sinetsita dago EAko presidentea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu