IKURRAK

Espainiako bandera jartzearen "umiliazioa" salatu du Mungiako alkateak kargua uztean

Izaskun Uriagerekak "inposiziotzat" jo du Espainiako bandera udaletxean jartzeko agindua.

Izaskun Uriagereka, Mungiako udalbatzarrean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2015eko otsailaren 13a
09:56
Entzun

Ezohiko udalbatza egin dute Mugiako Udalean, eta bertan utzi dute ofizialki kargua Izaskun Uriagereka alkateak eta Miren Begoña Bilbao Kultura zinegotziak. Negar-zotinka, Uriagerekak ikurrina defendatzera deitu ditu abertzaleak, eta Carlos Urkijo egin du dimisioaren erantzule. Hari esan dio Euskal Herria "errespetatzen eta ulertzen saia" dadila.

"[Urkijok] legea betetzeaz eta betearazteaz hitz egiten du, nahiz eta ustez ordezkatzen duen herriari bost axola dion lege horrek", nabarmendu du. Espainiako bandera jartzeko derrigortasunak "umiliazioa" baino ez duela helburu uste du Uriagerekak.

Dimisioa eman du asteon bertako alkate Izaskun Uriagerekak. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak hala eskatuta, Espainiako bandera jartzeko agindu zion iazko irailean EAEko Auzitegi Nagusiak Mungiako Udalari, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo zuen udalak erabaki horren kontra. Konstituzionalak baztertu egin zuen Mungiako Udalak Espainiako Bandera jartzearen kontra aurkeztutako helegitea, eta bandera ez jartzeko, kargua utzi du alkateak.

Uriagerekaren jarrera "eredugarria" dela esan du Unai Ziarreta EH Bilduko zinegotziak, eta babesa adierazi dio; hala ere, uste du EAJk ez duela Uriagereka nahikoa babestu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.