IKURRAK

Espainiako bandera "ohorezko lekuan" jartzeko agindu dio Auzitegi Gorenak Gipuzkoako Foru Aldundiari

Prozesuaren kostuak —4.000 euro— ordaintzera behartu du epaitegiak Gipuzkoako Foru Aldundia.

Espainiako bandera jartzeko aginduaren kontrako plaka jarri zuten 2010ean Gipuzkoako Diputazioaren egoitzan. J. C. R., ARP
2014ko urtarrilaren 23a
17:04
Entzun

Espainiako bandera orain dagoen leku "ezkututik" kentzeko eta "ohorezko lekuan, ikusteko moduan" jartzeko agindu dio Auzitegi Gorenak Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta prozesuaren kostuak —4.000 euro— ordaintzera behartu du. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak zigortu zuen diputazioa Banderen Espainiako Legea urratzea egotzita, eta ebazpen haren kontra jarritako helegitea atzera bota du Auzitegi Gorenak.

Estatuaren abokatuak adierazi zuen leku "ezkutu eta ia ikusezin" batean dagoela Espainiako bandera diputazioaren egoitzan, eta argudio hori ontzat jo zuen EAEko Auzitegi Nagusiak.

"Espainiako bandera nazioaren sinboloa da; aberriaren subiranotasunaren, independentziaren, batasunaren eta osotasunaren ikurra, eta konstituzioan adierazten diren balio gorenak ordezkatzen ditu". Hala dio 1981eko Banderen Legeak. Gainera, Espainiako Estatuko administrazio eraikin guztietan egon behar duela agintzen du; bai kanpoaldean, bai barrualdean. "Lehentasunezko eta ohorezko lekuan, ikusteko moduan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.