Gasteizko Auzitegiko epaile batek Natxo Urkixo Laudioko alkateari ohartarazi dio hilabeteko epean ez badu Espainiako bandera udaletxeko balkoian jartzen isun bat ordaindu beharko duela, desobedientzia delitu bat egotzita.
2010ean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpen bat betetzeko agindu zuen epaitegiak aurtengo otsailean, eta Espainiako bandera udaletxean jarria zuela erantzun zion Laudioko Udalak.
Teilatuan jarri zuen udalak Espainiako bandera, eta Espainiako Estatuaren abokatuak helegitea jarri zuen, argudiatuta Espainiako ikurrak "leku nabarmenean, ohorezkoan eta ikusteko moduan" egon behar duela. Ikur horrek "ohore goreneko lekuan" egon behar duela, gaur egun "ezkutuan" dagoela eta oinezko batek ezingo lukeela ikusi ebatzita, bandera lekuz aldatzeko agindu du orain epaitegiak.