Donostiako Gipuzkoa Plazan "Espainiako banderaren inposizioaren aurka" ikur bat jarriko du Gipuzkoako Diputazioak, Batzar Nagusietako Bildu eta EAJ taldeen erabakiz. Proposamena bihar Batzar Nagusietan eztabaidai izango dute taldeek.
EAJk esan du gai horrek "ibilbide luzea" duela, aurreko legealdian Espainiako Auzitegi Gorenak Gipuzkoako Diputazioari Espainiako bandera jartzeko agindua eman ziola eta. Markel Olano (EAJ) zen orduan ahaldun nagusia eta, bandera jartzeaz gain, "inposizioaren" kontrako plaka bat ere ipini zuten diputazioaren eraikinaren kanpoaldean. Gero, auzitegien erabakiz, kendu egin zuen.
EAJk dio "Gipuzkoako herritar gehienen sentimenduarekin bat eginez" Gipuzkoa Plazan ikur bat ipintzearen aldeko erabakia hartu zuela aurreko legealdian, eta orain ere alde dela. Hala, proposatu du Batzar Nagusiek diputazioari eska diezaiotela Espainiako banderaren inposizioari aipamena egingo liokeen ikurra jartzeko. Antzekoa proposatu du Bilduk, eta neurria onartu egingo dute bihar Batzar Nagusiek, Bilduk eta EAJk gehiengo osoa baitute.
Biok ostiralean gaiari buruzko bilera bat egin zuten. Larraitz Ugarte aldundiko bozeramailearen arabera, batzarrean ikurrinaren aldeko aldarrikapen ekitaldi bat egitea ere planteatu zen. "Uste dugu garrantzitsua dela ikurrinaren eta gure ikurren defentsa egitea".
PP Gipuzkoa Plazako ikurraren kontra azaldu da, eta aldundiari galdegin dio Espainiako bandera diputazioaren kanpoaldean modu nabarmen batean jartzeko, "dagokion bezala eta auzitegiek agindu bezala".
Udalbiltza Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak martxoaren 19an euskal herritartasunari buruzko ebazpen bat jakinaraziko du. Oraingoz, euskal ikurrak, herritartasun agiria eta Interneteko .eus domeinua izango dira haren ardatzak, otsailaren 22an Ordizian udal hautetsiekin egindako bilkuran iragarri zuenez.