Espainiako Gorteak desegin, eta hauteskunde orokorretara deitu zuen atzo Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterok, ofizialki. Azaroaren 20an egingo dira hauteskunde horiek, eta abenduaren 13an osatuko dira Diputatuen Kongresu eta Senatu osatu berriak. Udal eta foru hauteskundeetan zerrendarik aurkeztu ez zen herrietan eta egoera berean dauden Nafarroako kontzejuetan ere azaroaren 20an egingo dira bozak.
Zapaterok atzo sinatu zuen horren berri ematen duen dekretua —gaur argitaratuko da BOE Espainiako Buletin Ofizialean—, eta Madrilgo Zarzuela jauregira joan zen, Espainiako erregeari esatera hauteskundeetarako deialdi ofiziala egin zuela. Espainiaren etorkizunean «erabateko konfiantza» duela esan zuen Zapaterok, eta badakiela «berandu baino lehen» zailtasunak gaindituko direla.
Bozetara aurkeztu nahi duten alderdiek zehaztuta daukate, beraz, jarraitu beharreko egutegi hertsia. Urriaren 7rako Hauteskunde Batzordeari jakinarazi beharko diete bozetara aurkezteko asmoa; bai bakarka aurkeztu behar badute, eta bai koalizioan egin behar badute ere. Beraz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ordurako jakinarazten ez badu Sorturen erabakia, ezker abertzalearen alderdi berriak ez du aurkezteko modurik izango.
Egutegi hertsia
Hain justu gaur aurkeztuko dute ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak hauteskunde horietarako osatu duten koalizioa. Hainbat bilera eta negoziazioren ostean lortutako akordioa aurkeztuko dute lau alderdietako ordezkariek, eguerdian Donostiako Miramar jauregian egingo duten aurkezpenean.
Hauteskunde Batzordeari bozetara aurkezteko asmoa agertu dieten alderdiek urriaren 12tik 17ra bitarteko epea izango dute hautagaitzak aurkezteko, eta urriaren 25ean jakingo da onartutakoen zerrenda. Hortik aurrera, Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak bi eguneko epea izango dute hautagaitzak inpugnatzeko. Azaroaren 4an abiatuko da hauteskunde kanpaina, eta horren aurretik eman beharko dute auzitegiek erabakiaren berri.
Espainiako bozetara deitu du Zapaterok, ofizialki
Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak gaur aurkeztuko dute koalizioa, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu