Espainiako diputatuen eta senatarien ondasunak, argitan

Diputatu eta senatari guztiek ez dute eman beren ondasunen, errentaren eta ondareen inguruko informazioa

Erredakzioa
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako diputatuen eta senatarien ondasunen, errenten eta ondareen berri izan dezake edonork Espainiako Kongresuko eta Senatuko webguneetan sartuta. Gardentasun neurri moduan argitaratu dituzte ordezkari politiko horien ondasunak, errentak eta ondareak, eta, era horretan, gaur-gaurkoz zein egoeratan dauden jakin daiteke.

Ez dute denek aurkeztu, baina informazioa aurkeztutakoen artean dago UPNko Carlos Salvador. Diputatu horrek etxe bat du Nafarroan, eta 259.921euro SICAV Kapital Aldakorreko Inbertsio Sozietate baten akzioetan. Kontu korrontean 6.500 euro, eta 15.000 euro beste akzio batzuetan.

Jose Ignacio Palacios UPNko senatariak lau etxebizitza ditu: Nafarroan, Huescan, Tarragonan eta Madrilen. Kontu korrontean 445.000 euro ditu, eta 42.000 euro guztira akzioetan.

Ez da egoera hori Eduardo Madina PSE-EEko diputatuarena. Izan ere, Madrilen eta Bizkaian etxe bana ditu, kontu korrontean 722.000 euro eta 1.300.000 euro akzioetan. Guztira bi milioi eurotik gora.

Javier Rojo PSE-EEko kide eta Senatuko presidenteak, berriz, Araban, Malagan eta Madrilen etxebizitza bana ditu, 28.285 euro Inbertsio Planetan, 14.180 euro kontu korrontean, eta 86.700 beste akzio batzuetan.

Alderdi bereko kideekin jarraituz, Roberto Lertxundi senatariak etxebizitza bakarra du, eta bi lokal komertzial. Kontu korrontean 7.253 euro, eta akzioetan, guztira, 28.779 euro. Bankuekiko maileguetan, berriz, 165.000 euro ditu zorretan.

PPko Ramon Rabanera senatari arabarrak guztira hiru etxebizitza, 415.000 euro kontu korrontean eta 216.000 euro akzioetan.

Jeltzaleei dagokienez, Josu Erkoreka diputatuak bi etxebizitza ditu Bizkaian, 54.469 euro kontu korrontean, 85.000 euro EPSV erretiro planean eta 53.000 euro bankuekin zorretan.

Iñaki Anasagasti senatariak aurkeztutakoaren arabera, 200 metro koadroko etxebizitza du Bilbon, baita 80 metro koadroko beste bat, Bizkaian hori ere. Kontu korrontean, berriz, 19.723 euro ditu.

Ez da Mariano Raxoiren kasua. Izan ere, guztira, 600.000 euro eta lau etxebizitza ditu. Alfredo Perez Rubalcabak, berriz,milioi bat euro eta etxebizitza bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.