"Zailtasunak gainditzeko batera aritzeko, bidea elkarrekin egiteko, ahotsak bateratzeko eta arraun batera egiteko" eskatu du, Errege Etxearen webgunean jarri duen "gutun" baten bidez. "Guztion artean aukeratu dugun eredu demokratikoa eta soziala defenditzeko garaia" dela nabarmendu nahi izan du. Defentsa hori "maila guztietan" egin beharko lukete.
Aurreneko aldia da Espainiako erregeak gutun bat paratu duela euren webgunean. Katalunian independentziaren aldeko Diada historikoa egin eta astebetera idatzi du eskutitza.
Europa bezala Espainia "garai erabakigarria" bizitzen ari dela dio. Ondorioz, egin dezaketen "txarrena", haren arabera, "indarrak bereiztea, desadostasunak sustatzea, ameskeriei jarraitzea eta zaurietan sakontzea da".
Hala, frankismoaren osteko trantsizio aldia goretsi du, orduan "interes orokorra" gailendu zelakoan.