Opari bikaina gaur Laudiora (Araba) iritsi dena: Errege eguneko Espainiako Loteriaren bigarren saria, 60 milioi euro; serieko milioi bat euro. 56.306 izan da zenbaki saridun hori -12:25ean irten du-, eta Laudion baino ez zuten banatu. Areta auzoko Areta administrazioan saldu dute.
Kasu, dezimoa daukanak 100.000 euro irabazi ditu. Extremaduraren egoitzan 150 dezimo saldu dituztela esan dute, eta Aretak berak 200 dezimo saldu ditu. Orozko (Bizkaia) herriko Sikara tabernak ere hartu zituen 110-120 dezimo bere bezeroen artean saltzeko, Juan Ramon Andreu ostatuko langilek esan duenez.
"Bazen garaia, herri honek behar zuen", esan du Areta administrazioko jabe Carlos Resak. Dirua "oso banatua" dagoela jakinarazi du. 18.000 biztanle ditu Laudiok, eta herrigunetik kilometro batera dago Areta auzoa. "Bilboko, Gasteizko eta ondoko herrietako jendearentzat pasoko auzoa da", Resak dioenez. Berak dezimo bat duela adierazi du.
1982an ireki zuten administrazioa. 1990ean egun batean ohiko Loterian orduko 1.300 milioi pezeta banatu zituen Aretak eta 1997an 1.200.
Bigarren sariaren zenbakia ateratzean, anekdota gertatu da: hasieran 59.306 zela esan dute, baina kontua da bigarren zenbakia buelta emanda atera duela umeak eta, beraz, 56.306 zela benetako zenbaki sariduna eta ez 59.306. Segituan zuzendu dute okerra. Madrilen egin dute zozketa, ohi bezala.
Loteriaren lehen saria 28.920 zenbakia izan da, Terrasan (Bartzelona, Herrialde Katalanak) saldua.
Hirugarren sariko zenbakiak: 6.943, 38.616, 51.015, 67.893, 92.885, 89.278, 40.574, 16.533, 53.102, 31.109, 87.699 eta 48.930.
Espainiako Errege eguneko Loteriaren bigarren saria, Laudiora: 60 milioi euro
56.306 zenbakia izan da sariduna, eta Areta administrazioak saldu du; "dirua oso banatua" dagoela jakinarazi du bertako jabeak. Orozkoko taberna batek 110 dezimo hartu zituen handik. Dezimoa daukanak 100.000 euro irabazi ditu. Loteriaren lehen saria, Herrialde Katalanetara: Terrasara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu