espetxe politika

Espainiako Espetxe Erakundeak ez du uste Martutenen hilik agertu den presoak bere buruaz beste egin duenik

Ormaiztegiko (Gipuzkoa) 27 urteko J.C. presoa hil zen atzo Martuteneko espetxean, Donostian. BERRIA Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzarekin jarri da gaur harremanetan. Azken horrek emandako informazioaren arabera goizeko zenbaketa egiten ari zirenean aurkitu zuten hilotza eta "ez dago zantzurik bere buruaz beste egin zuela esateko". Heriotzaren nondik norakoak ikertzen ari direla ziurtatu diote iturri horiek BERRIAri.

2006ko abuztuaren 4a
18:17
Entzun
Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzaren arabera, goizeko zortzietan zenbaketa egiten ari zirela bere ziegako ohean etzanda aurkitu zuten J.C. 27 urteko presoa. Beregana hurbildu zirenerako hilik zegoen eta ezin izan zuten ezer gehiago egin. Hildakoarekin ziega berean zeuden bi presoak ez ziren ezertaz ohartu. Gertatutakoa ikertzen ari direla gaineratu du Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak.

Ormaiztegiko (Gipuzkoa) 27 urteko J.C. presoa lau urteko espetxe zigorra betetzen ari zen, lapurreta eta zauriak egitea leporatuta.

Geroz eta informazio gutxiago

Salhaketa taldeko arduradun Cesar Manzanosek bere kezka agertu du Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzaren jarrera aldaketa somatu dutelako. Manzanosek BERRIAri azaldu dio orain arte preso bat hiltzen zenean Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak ohar bat plazaratu izan duela hildako presoa zein zigor betetzen ari zen azalduz, zein delitu leporatzen zitzaizkion zehaztuz eta hil egin zela jakinaraziz, besteak beste. Orain ordea, hori ere ez. Manzanosek salatu du "iluntasuna" dela nagusi ez duela oharrik plazaratu eta geroz eta informazio gutxiego dagoela espetxeetan gertatzen denari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.