euskal presoak

Espainiako Estatutik kanpoko euskal presoek EHUn ikasi ahal izango dute, Konstituzionalak honi arrazoia eman ondoren

Auzitegi Gorenaren epaia baliogabetu egin du, hezkuntzako eskumena unibertsitateak duela argudiatuta. Beste presoek han ikasi ahal izateko, Espetxe Zuzendaritzaren eta EHUren arteko hitzarmena behar da.

2011ko abenduaren 27a
17:10
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epai baten arabera, Espainiako Estatutik kanpo dauden euskal presoek hemendik aurrera EHUn ikasi ahal izango dute. Izan ere, auzitegiak ebatzi du hezkuntzako eskumena ez duela Espetxe Zuzendaritzak, baizik eta unibertsitateak. Kontrakoa zioen Auzitegi Gorenak 2009ko epai batean, baina honen ebazpena baliogatu egin du orain Konstituzionalak, gaur Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak Bilbon prentsaurreko batean jakinarazi duenez.

Espainiako Estatuan dauden euskal presoek aipatutako unibertsitatean ikasi ahal izateko, berriz, Espetxe Zuzendaritzaren eta EHUren arteko hitzarmena behar da. Goirizelaiak esan du dozena erdi bat aldiz saiatu izan direla akordioa egiten, baina Espetxe Zuzendaritzaren ezezkoa jaso izan dutela. Konstituzionalaren epaiaren ondoren, berriro ahaleginduko dira. "Logikoa, hitzarmena egitea litzateke", adierazi du Goirizelaiak.

Gorenaren 2009ko martxoko epai harengatik, 57 presoren EHUko matrikulak bertan behera geratu ziren. Ebazpenak zioen "irakaskuntzaren kalitatea espetxe erakundeek zaindu" behar zutela. Unibertsitateak Konstituzionalera jo zuen, eta "pozik" agertu da oraingo erabakiarekin. "Gure ahaleginek saria izan dute azkenean. Ausartuko nintzateke esatera jasotako saria ez dela arlo juridikoak emandakoa soilik izan, baita moralaren ikuspegitik emandakoa ere. Ez genukeen gure lana ondo egingo ez bagenu unibertsitatearen autonomiaren defentsa azken ondorioetara eraman. Hori da egin dugun gauza bakarra, eta hori da, ez dezazuela zalantza izpirik izan, berriz ere egingo genukeena".

Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektore ohia eta Eva Ferreira unibertsitateko idazkari nagusia ere izan dira agerraldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.