Espainiako eta Frantziako estatuen indarkeriaren biktimek Egiari zor fundazioa aurkeztu zuten atzo Donostian, eta egia osoa lortzeko bidean, ezinbestekotzat jo zuten alde guztien mina onartzea. "Biktima guztientzat ordaina eta onarpena berdina" izatea eskatu zuten.
ETAk sortutako mina onartzen dutela azaldu zuten, baina eurena ere onar dadila aldarrikatu zuten. Euren jardueraren helburuak "errespetua, egia osoa lortzea eta ezagutza eta ordaina" direla azaldu zuten atzoko agerraldian. Horrekin batera, adierazi zuten "estatuek, erakundeek eta alderdi politiko gehienek" onartu eta nork bere gain hartu beharko dutela giza eskubideen urraketan izan duten ardura.
Egiaren Batzordea "oinarrizko tresnatzat" jo zuten, eta "ordaina eta justizia" elkarri lotuta daudela ohartarazi zuten. "Justiziari dagokionez, ez dugu Espainiako eta Frantziako epaitegietan sinesten eta ez dugu haiengandik ezer espero; haien mespretxua nabarmena izan da urte luze hauetan", salatu zuten.
"Oraindik konpontzear dagoen gatazkari bidezko konponbidea" emateko konpromisoa ere hartu zuten.
Atzoko aurkezpena hauek egin zuten:
Julen Arzuaga (Areta-Laudio), abokatua
Bixen Mujika (Ordizia), Juanra Aranbururen emaztea
Alain Berastegi (Arbizu), bahitua eta torturatua
Karmen Galdeano (Algorta), Xabier Galdeanoren alaba
Unai Romano (Gasteiz), torturatua
Aitziber Berrueta (Iruñea), Angel Berruetaren alaba
Karmelo Arregi (Oñati), Susana Arregiren anaia
Idoia Muruaga (Santurtzi), Igor Anguloren bikotekidea
Andoni Txasko (Kanpezu), poliziak larriki zauritua
Elena Bartolomé (Bilbo), Josu Muguruzaren bikotekidea
Jose Luis Gurrutxaga (Orereta), Egoitz Gurrutxagaren aita
Maiana Bustinza (Baiona), Jose Migel Bustinzaren aita
Txomin Olaetxea (Leitza), Amparo Arangoaren bikotekidea
Muxi Mariñelarena (Arbizu), Peio Mariñelarenaren arreba
Izaskun Iantzi (Urnieta), Gurutze Iantziren ahizpa
Carmen Antia (Donostia), Montxo Martinez Antiaren ama
Antonia Manot (Zarautz), Jon Paredes Manot Txiki-ren ama
Ainhoa Gonzalez Santxiz (Hernani), Kontxi Santxizen alaba