Espainiako eta Frantziako gobernuak pausoak ematera deitu ditu Patxi Zabaletak

Dani Maeztu izango da Aralarreko koordinatzaileordea, Jon Abrilek utzitako lekukoa hartuz. EA: "ETAren urratsak bideari hasiera eman dio".

2011ko urriaren 21a
11:06
Entzun

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak bakearen eraikuntzan eta gatazkaren ondorioei dagokienez pausoak ematera deitu ditu Espainiako eta Frantziako gobernuak, eta presoen eskubideak errespetatuko dituztela espero duela gaineratu du. Koordinatzaileordearen aurkezpenean egin du adierazpena Zabaletak; Dani Maeztuk hartuko du Jon Abrilek utzitako  hutsunea.

Zabaletak esan du ETAren erabakiak etapa bat itxi eta beste bat irekitzen duela, eta alde bakarrekoa dela nabarmendu du. Etapa berriaren ezaugarria elkarrizketa izan behar duela uste du Zabaletak, eta Patxi Lopez lehendakariari eta Yolanda Barcina presidenteari herritarrek agertutako bake nahiari erantzuteko eskatu die.

ETAren erabakia atzeraezina dela esan du, eta oraingoan alderdi guztiek sinesgarritasuna eman diotela esan du.  "Une historikoa da", esan du eta biktima guztiak aitortzea espero du, "euren ideologia edozein delarik ere". Zabaletak dio aurrera egiteko unea dela.

EA: "ETAren urratsak bideari hasiera eman dio"

EAk "ongi-etorria" eman dio ETAren erabakiari, baina gatazka hor ez dela bukatzen esan du. "ETAk atzo emandako urratsak bideari hasiera eman dio". Ondorioz, "aro politiko berrian" uste du eragile denek aurrerapausoak eman behar dituztela normalizazio politikoa erdiesteko, eta, batik bat, Espainiako eta Frantziako estatuei zuzendu zaie: "Bukatu dira aitzakiak estatuen inmobilismoari eusteko. Ez dago inongo arrazoirik ez giza eskubideen arloan errepresio politikarekin jarraitzeko, ez euskal gizarteak bere etorkizuna erabakiko duen prozesu politiko bati heltzeko ezezkoarekin jarraitzeko".

EAko zuzendaritzak Donostian eman du bere adierazpenaren berri, gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.