Ezbeharra

Espainiako Gaixoaren Defentsarako Elkarteak "akatsak" ikusi ditu Jessica Urizarren heriotzean

Diagnosian ez asmatzea eta haurra ospitalera ez eraman izana aipatu ditu elkarteak. Hurrengo egunetan jakingo da autopsiaren emaitza. Horren arabera erabakiko dute familiak eta Kortezubiko Udalak Katalunian artatu zuten medikuen aurka jo edo ez. 11 urteko neskatoa ostiral goizaldean hil zen Cabrera del Marreko (Bartzelona) aterpetxe batean, egun guztian sabeleko min handiekin igaro eta bi osasun zentrotatik igaro ondoren, Arratzuko Ikastolako kideekin txangoan zela. Kortezubi jaioterrian agur jendetsua egin zioten atzo.

2007ko urriaren 15a
18:35
Entzun
Arratzuko (Bizkaia) Ikastolako kideekin Katalunian (Cabrera del Mar, Bartzelona) txangoan zela ostiral goizaldean hil zen Jessica Urizarri egindako autopsiaren emaitzak hurrengo egunetan jakinaraziko dituzte. Espainiako Gaixoaren Defentsarako Elkarteak, dena dela, "akatsak" ikusi ditu haren heriotzean. "Diagnosia egitean akatsa egin zuten medikuek, eta haurrak zeuzkan minekin erietxera eramateko ardurarik ez zuten izan", esan du Carmen Flores elkarteko kideak gaur.

Autopsiaren arabera erabakiko dute 11 urteko neskato haren familiak eta Kortezubiko (Bizkaia) Udalak Katalunian artatu zuten osasun zentroetako kideen aurka jo edo ez. Izan ere, Urizarren heriotza medikuen axolagabekeriagatik gertatu izana posible dela uste dute.

Haurra sabeleko minez izan zen ostegun arratsaldean. Montserrat Santutegira egindako txangoaren ostean hasi zen neskatoa gaizki sentitzen. Sabelean min handia zuen eta botaka egiten hasi zen. Ibilaldian zihoazen irakasleek Olesa de Monterrateko osasun zentrora eraman zuten, baina hango medikuek ez zioten aparteko ezer topatu. Arratsaldeak aurrera egin ahala, sintomek jarraitzen zutela ikusita, irakasleek aterpetxetik hurbilen zegoen osasun zentrora eraman zuten, Vilassar de Marrera. Bigarren mediku azterketa hartan ere ez zuten berehala zerbait egiteko beharrik ikusi.

Hala, haurra aterpetxera itzuli zen. Gauean, bere egoerak okerrera egin zuen; arduradunek anbulantzia bat eskatu zuten, baina berandu heldu zen. Neskatoa ostiral goizaldeko bostak inguruan hil zen.

Hildako neskatoaren ikaskideek laguntza psikologikoa ere behar izan zuten. Hala, Arratzu Ikastolako zein programa berean parte hartzen ari ziren Cadizko (Espainia) eta Valentziako (Herrialde Katalanak) eskoletako 45 ikasleak ostiralean bertan itzuli ziren etxera, behar baino hiru egun lehenago.

Kortezubi, familiarekin

Atzo egin ziren Jessica Urizarren hileta elizkizunak Kortezubin, eta elizak gainez egin zuen. Asko izan ziren barrura sartu ezinik kanpoan geratu behar izan zuten herritarrak. Samin eta hunkidura handiz bizi izan zen hileta guztia. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Tontxu Campos eta Legebiltzarreko presidente Izaskun Bilbao ere izan zen hiletan, gurasoei eta familiari elkartasuna adierazteko.

Kortezubiko Udala, berriz, neskatoaren heriotzagatik zein lege neurri har dezakeen aztertzen ari da. Udal gobernua zer egin hausnartzeko bildu zen larunbatean, baina ez zuen ezer erabaki. Kortezubiko alkate Txomin Bilbaok esan zuenez, "baten batek erantzun beharko du. Bi osasun etxetara eraman zuten, ondo ez zegoelako, baina ez zuten ospitaleratu ere egin, ea zer zuen jakiteko, eta gero gelan hil zen. Gaur egun hori gertatzen bada, zerbait txarto egin dutelako gertatzen da".

Hala ere, alkatearen eta herriaren lehentasuna familiari laguntza ematea dela argitu nahi izan zuen Bilbaok: "Familiaren ondoan egoteko unea da. Gero egongo da denbora behar diren neurriak hartzeko".

Herrian normaltasuna berreskuratu nahian, Jessica Urizar zenaren gelakideak klasera itzuli dira gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.