Politika

Espainiako Gobernu berriak PPren Gobernuaren jarrera bera duela dio Otegik

Espainian gobernu aldaketa bat egon arren, PSOEren gobernu berriak lehengoaren lepotik duela burua uste du Batasunako kide Arnaldo Otegik. "Zerrenda bat legez kanpo utzi dute, Justizia Ministroak tortura salaketa guztiak gezurrezkoak direla esan du, Gartzela Zuzendariak ez du gartzela politika aldatzeko asmorik... hori guztia lehengo berdina da. Lehen aurpegi txarrarekin egiten zen, orain, berriz, irribarre batekin".

2004ko ekainaren 24a
18:07
Entzun
Ezker abertzaleak ondo egindako lanaren fruitua dira HZk lortutako bozak, Otegik Radio Euskadin gaur goizean esan duenez. Ezker abertzaleak lan ona egin duela uste du Batasunakoak, eta emaitzak gustora egoteko modukoak direla azpimarratu du. Gainera, bozka horiek legezkanporatze bidearen hutsegitea nabarmen uzten dutela iritzi dio. Espainiako Gobernuak ezker abertzalea ez balego bezela jokatu nahi du Batasunako kidearen ustetan, baina hori egitea ezinezkoa dela azpimarratu du.

Datozen hauteskundeen inguruan galdetuta, orain, lasaitu eta disfrutatzeko garaia dela esan du, inolako dudarik gabe. "Datozen hauteskundeetarako urtebete falta da oraindik, eta urtebetean gauza asko aldatzen dira herri honetan".

"Estatuek ipintzen dituzten lainoak" salbu, eskenatoki politikoa garbi dagoela uste du Otegik. "Herri hau atzera bueltarik ez duen prozesu batean dago, eta hori badakigu. Alderdi konstituzionalista batzuek besterik ez dute uste oraingo estatusarekin jarraituko dugula. Etorkizuna autodeterminazioaren baitan dago, herriak erabaki behar du bere etorkizuna".

Gatazkaren konponbidea



Otegiren iritzian lau koska igo behar dira gatazka gainditzeko: borondatearena, elkarrizketarena, akordioarena eta azkenik herritarrek erabakitzearena. Zentzu horretan, EArekin, EAJrekin, ELArekin, ABrekin... hitz egiten ari direla dio, eta beraiek ez dutela baldintzarik jartzen azpimarratu du. "Akordioa lortu beharra daukagu, eta ez dugu baldintzarik jartzen".

Aralarrekin ere inolako arazorik gabe hitzegingo dutela esan du. Banaketa batek beti ere zauriak irekitzen baditu ere, zauri horien gainetik herri oso bat dagoela azpimarratu du Otegik, eta lehentasuna hori denez beste arazoak gainditu egin behar direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.