EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamenak aurrera egin du Eusko Legebiltzarrean, EAJren aldeko botoekin. Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaritza desagertzea eta gobernu ordezkariak betetzen duen kargua eta haren eskumenak bertan behera uzteko eskatzea zen proposamenaren helburua, eta gaur goizeko bozketan jeltzaleen babesa jaso du. Hala, gehiengoaren babesaz, Eusko Legebiltzarrak eskaera egin dio Espainiako Gobernuari egun Carlos Urkijok betetzen duen kargua desagerraraz dezan.
Hiru puntuko proposamena zen EH Bildurena, eta horietako bi babestu ditu EAJk. Ordezkaritza desagertzea eskatzen duena da lehena, eta Espainiako Gobernuaren ordezkariaren egitekoa kritikatzen duena bigarrena. Puntu horretan, Eusko Legebiltzarrak "irmoki arbuiatzen du gobernu ordezkariaren jarduna, herritarren oinarrizko askatasun eta eskubideak murrizten baititu".
Hirugarren puntuaren bozketan, ordea, jeltzaleak abstenitu egin dira. Gobernu ordezkariaren tokia "herritarrek modu zuzen eta zilegizkoan hautatutako instituzioek" betetzea proposatzen zuen EH Bilduk.
PPk, PSE-EEk eta UPDk proposamenaren puntu guztien kontra bozkatu dute, eta Nerea Llanos PPko eledunak EH Bilduren kontra jo du. Haren esanetan, gobernu ordezkariaren kontra egiteko arrazoi bakarra da "Espainiako Estatua" ordezkatzen duela.