ESPAINIAKO GOBERNUA. ALDAKETAK. Jauregik «kudeaketa bikaina» egingo duela ziur azaldu da PSE-EE

Perez Rubalcabarekin batera, esperientzia handiko figura politikotzat jo du Jauregi Pastorrek

Erredakzioa
Iruñea
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Kritikak ziurrenik geroago etorriko dira. Atzo, izendapenaren egunean, laudorioak baino ez zituen jaso Ramon Jauregik; bai alderdi barruan, bai handik kanpo. «Berebiziko pertsona da, eta politikari aparta, eta ziur nago Presidentetzako ministro gisa kudeaketa bikaina egingo duela». Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarreko eledunaren arabera, Alfredo Perez Rubalcabarekin batera «pisu politiko» handia hartu du Jauregik, eta bere esperientzia eta garrantzia azpimarratu ditu. Zapaterok komunikatzeko gaitasuna irabazi duela uste du.

Jauregirekin, Euskal Herriko hiru ministro daude Zapateroren exekutibo berrian -Angel Gabilondo eta Cristina Garmendia dira besteak-. Hain justu, horri egin dio erreferentzia Patxi Lopez EAEko lehendakariak, Twitter bidezko bere iruzkinean: «Pozik nago izendapenarekin. Politikari bikaina, lagun ona eta orain Gobernuko euskal ministroa».

Andoni Ortuzarrek, izendapenaren berri izan aurretik, herenegun, Twitter bidez esan zuen Jauregiren iritziaren falta sumatzen zuela azkenaldian. Atzo goizean bigarren iruzkina sartu zuen: «Jauregiz ondo hitz egin, eta ministro egiten dute. Ziur sozialista batek baino gehiagok ez dutela gustuko ezertxo ere».

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketa politikoekin lotu du izendapena. Haren ustez, mugimenduok ez dute hotz utzi Zapatero. «Jauregiren izendapenak ziurrenik zerikusia du».

Aralarrek eta Ezker Batuak hauteskunde interesekin lotu dituzte Zapaterok egindako aldaketak. EAJko Izaskun Bilbaok, aldiz, goraipatu egin du Jauregi. Bi alderditan izan arren, «adiskide ona» izan dela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.