ESPAINIAKO GOBERNUA. ALDAKETAK. Rubalcabak hartuko du Gobernuaren pisu nagusia

Presidenteorde eta bozeramaile izan zen Felipe Gonzalezen garaian, eta kargu horietan ariko da orain

Erredakzioa
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Alderdi barruko pertsona garrantzizkotzat jotzen dute Alfredo Perez Rubalcaba adituek. Espainiako Gobernuaren erabakietan eragin handia duena. Hemendik aurrera, pertsonarik erabakigarriena bihurtu da bai PSOEren zuzendaritzan, bai Espainiako Gobernuan esperientzia luzea duen gizona. Jose Luis Zapatero gobernuburuaren ordezko gisa ere ikusten dute zenbaitek. Zapatero azkenean ez bada hautagaitzarako aurkezten, haren ordezkoa Rubalcaba izango dela agerian geratu da, askoren ustez.

Zorrotza da Rubalcaba. Espainiako Kongresuko kideen ustez, aurkaririk gogorrena da, haren hitz-jarioaren eta tinkotasunaren aurka garaile ateratzea zaila baita. Edonorekin negoziatzeko ahalmen berezia duela diote; badakiela «ezkerreko eskuarekin» aritzen.

Felipe Gonzalezen gobernuko azken urteetan, GALen garaian,garrantzi berezia izan zuen. Presidenteordea zen, eta gobernuko bozeramailea.

Gero, PPren gobernuko urteak igaro eta PSOEk berriz gobernua hartu bezain laster, lan bereziki korapilatsu eta garrantzitsua eman zion Zapaterok: ETA su-etenean zela, harekin konponbidean saiatzeko eginkizuna. 2006ko apirilaren 7an izendatu zuen gobernuburu sozialistak Barne ministro, ETAk su-eten iraunkorra iragarri eta bi astera. Ordutik da Barne ministro. ETArekiko negoziazioen kudeaketa berak egin zuen; noiz eta nola jokatu erabakitzeko ahalmen handienetakoa zuen. Saioek porrot egin zutenean, erakunde armatuaren aurka gogor egiteari ekin zion. Edozein kasutan, ETA su-etenean zenean ere, haren zein ezker abertzalearen aurkako operazioek eta jazarpenek ez zuten etenik izan.

Porrotaren ondoren estrategia erabat gogortu zuen; harro esaten du legealdi honetan 298 euskal herritar atxilotzeko agindu duela. Besteak beste, ETAko buruzagitzat jo izan direnak eta politikan aritzeagatik atxilotutako ezker abertzaleko kideak, Arnaldo Otegi tartean. Hemendik aurrera, Barne ministro ez ezik, presidenteorde eta Gobernuko bozeramaile ere izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.