Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak Ministro Kontseiluaren ostean hitz egin du Nafarroaz, eta PSNri zuzendu zaio esanez Bildurekin bat ez egiteko. Zeharkatu behar ez diren mugak daudela esan du Rajoyren bigarrenak, eta erakundeen egonkortasuna babestearen alde mintzatu da.
Rajoyk aste honetan Kongresuan esan du ez dela ustelkeria kasurik izan, baina presidenteordea ez da hain garbi mintzatu zentzu horretan, eta ustelkeria egon den edo ez epaileek esan behar dutela adierazi du. Bitartean, hori bai, errugabetasun ustekizuna gorde behar dela gaineratu du.
PSNri dei egin dio aste honetan Espainiaren egoerari buruzko eztabaidan Amaiurrek esandakoa irakurtzera, "norekin bat egiteko prest dagoen garbi izan dezan". Espainiako Gobernua Nafarroako krisia hasi zenetik saiatu da hori epeltzen, Nafarroa Espainiarentzat "estrategikoa" dela esanez, Fernandez Diaz Barne ministroak esan zuen moduan.