Espainiako Gobernuaren osaketa

Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioak hasiko ditu Rajoyk

Bihar hitz egingo du Rajoyk EAJrekin. Idoia Mendiarekin bilduko da gaur Pedro Sanchez, PSOEko baroiekin egingo duen bilera errondaren barnean.

Mariano Rajoy eta Coalicion Canariako ordezkariak, Espainiako Gobernua eratzeko negoziazio bileran. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Ane Zuazubiskar Iñarra.
2016ko uztailaren 5a
09:54
Entzun

Espainiako Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten ia alderdi guztiekin biltzeko asmoa du Mariano Rajoyk datozen asteetan; EH Bildu ez beste alderdi guztiekin negoziatzeko asmoa agertu du. Oraingoz Coalicion Canaria eta EAJrekin soilik adostu du biltzea; bihar bilduko da Aitor Esteban EAJko Kongresuko bozeramailearekin.

Gaur hasiko ditu negoziazioak, Coalicion Canaria alderdiko kideekin. Kongresuan, ordezkari bakarra du CCk —Ana Oramas—; azaroko hauteskundeen ostean, PSOEren hautagai Pedro Sanchez babestu zuen. Hala ere, ez dute baztertu Mariano Rajoyren hautagaitza babesteko aukera. Atzo egindako adierazpenetan, hirugarren hauteskundeak saihesteko "heldutasunerako" eta "akordioetarako" deia egin zuen Jose Miguel Barragan CCko idazkari nagusiak.

PSOE, Rajoyren lehentasunetan

PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezek gaur hasiko du alderdiko baroiekin egingo duen bilera erronda. Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin elkartuko da gaur goizean. Bilera errondan, Rajoyren inbestidurari eta hauteskunde osteko bide orriari buruz galdetuko die Sanchezek alderdikideei.

Rajoyren inbestidurarako, PSOEren babesa —baiezkoa edo abstentzio bidezkoa— lehenetsi du PPk. Sozialisten gehiengoak baztertu egin du modu batean edo bestean Rajoy babestea.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.