Hondakinak

Espainiako Gobernuak 2030erako hondakinak murrizteko estrategia bat onartu du

Hondakinen eta lur kutsatuen lege proiektuari ere baiezkoa eman diote: Hegoaldean, 2021eko uztailetik aurrera, debekatu egingo dituzte erabilera bakarreko plastikozko mahai tresnak eta kotoi zotzak, eta tabernetan derrigorrezkoa izango da iturriko ura doan eskaintzea.

Espainiako Gobernuak, 2021eko uztailetik aurrera, plastikozko mahai tresnak debekatuko ditu. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 2a
13:23
Entzun

Hego Euskal Herrian bai luze gabe eta bai luzera begira hondakinak murrizteko gakoak izan daitezkeen estrategia bat eta lege proiektu bat onartu ditu gaur Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak. Jarduera ekonomikoak ingurumenean duen eragina murriztu nahi du Madrilek, eta gaur egungo ekoizpen lineal modeloa atzean utzi.

Horretarako, Espainiako Ekonomia Zirkularrerako Estrategiaren helburu nagusia (EEEC) 2030. urterako bitarteko materialen kontsumoa %30 murriztea eta %15 hondakin gutxiago sortzea da, 2010. urteko datuekin alderatuz. Estrategia horri esker, hondakinen kudeaketak orain sortzen dituen baino hamar milioi CO2 tona gutxiago sortzea nahi du gobernuak. Ez hori bakarrik; Madrilek fokua jarri du alferrik galtzen diren elikagaietan, eta, ekonomia zirkularrean oinarritutako modelo bati esker, %50 murriztu nahi ditu etxeetan sortzen diren elikagai hondakinak.

Hortaz gain, hondakinen eta lur kutsatuen lege aurreproiektuak datorren urteko uztailetik aurrera martxan jar ditzaketen hainbat lege proposatuko ditu. Itsasoa eta lurra kutsatzen ari diren milioika tona plastikok sortutako kezka dela eta, Europako Batasunak hainbat lege ezarri zituen 2018 eta 2019 urteen artean. Espainiak horiek eta beste batzuk aplikatuko ditu lege aurreproiektuaren bidez:

Erabilera bakarreko mahai tresnak, debekatuta

Lege aurreproiektuaren arabera, 2021eko uztailaren 3tik aurrera Hego Euskal Herrian debekatuta egongo da hainbat produkturen salmenta: plastikozko mahai tresnak, kotoi zotzak, globoei eusteko erabiltzen diren makilak, poliestireno hedatuarekin eginiko ontziak eta mikroplastikoak dituzten produktu kosmetikoak, adibidez.

Tabernetan, iturriko ura doan

Plastikozko ur botilen kontsumoa murrizteko, erakunde publiko guztiek derrigorrean jarri beharko dituzte iturriak; tabernak eta jatetxeak ere derrigortuta egongo dira iturriko ura doan eskaintzera.

Plastikozko botilak, itzuli

Madrilek 2021. urtearen hasieran zehaztuko du zer sistemaren bidez egingo duen, baina 2025. urterako merkaturatutako plastikozko botilen %77 banatuta jaso nahi ditu Espainiako Gobernuak. 2029. urtean %90 izatea da helburua.

Janaria eramateko ontziak

Etorkizuneko legeakmugak jarriko dizkie janaria eramateko erabilera bakarreko ontziei. 2023. urtetik aurrera debekatuta egongo da horiek doan ematea. Alternatiba berrerabilgarriak sustatuko dituzte.

Bosgarren edukiontzia

Euskal Herriko hainbat herritan jada badagoen arren, materia organikoarentzako edukiontzia izatea derrigorrezkoa izango da 5.000 biztanletik gorako herrietan, 2022tik aurrera. 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan, 2024tik aurrera. Helburua da sortzen diren hondakinak banatzea eta birziklatze tasak hobetzea.

Zigorrak

Lege aurreproiektuak zigor gogorrak proposatzen ditu hondakinak abandonatzen dituztenentzat edo herrialdean sartzen saiatzen direnentzat: 50.000 eta bi milioi euro artekoak. Saldu gabeko produktu soberakinak birrintzea ere debekatuta egongo da 2021etik aurrera: adibidez, arropa, jostailuak eta aparailu elektrikoak. 2025. urtetik aurrera, erabilitako arropa jasotzeko sistema bat ezarriko dute, eta, zaharkitze programatuari dagokionez, «produktu efizienteak ekoiztea» sustatu behar dela dio proposamenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.