Espainiako Gobernuak %22 igoko du datorren ikasturteko beken aurrekontua

Ehun euro gehiago izango ditu graduetako, masterretako eta derrigorrezko hezkuntzaren ondoko irakaskuntza ez-unibertsitarioko beka bakoitzak

Ikasle batzuk, EHUren Leioako campusean, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 19a
12:50
Entzun

Espainiako Gobernuak iragarri du %22 igo dutela datorren ikasturteko beken aurrekontua. Horrenbestez, ehun euro gehiagokoa izango da beka bakoitza graduetan eta masterretan, baita derrigorrezko hezkuntzaren ondoko irakaskuntza ez-unibertsitarioan ere. Gainera, errentaren eta behar ekonomikoaren irizpidearen menpe egongo dira, eta ez meritu akademikoaren menpe. Espainiako Unibertsitateen Ministerioak eta Hezkuntza Ministerioak adostutako beka sistemaren erreformaren arabera, onuradunen lehen taldea pobreziaren atalasearen parekoa izango da.

Gainera, unibertsitateko beka osoa lortzeko baldintza akademikoak gutxitu egingo dira, eta matrikularen beka lortzeko behar diren berak izango dira: 5eko nota atera beharko da lehen ikasturtean, eta bigarren ikasturtean eta ondorengoetan ikasgaien ehuneko jakin bat gainditu beharko da —egun baino txikiagoa izango da ehuneko hori—; ez da gutxieneko batez besteko nota jakin bat izan beharko.

Guztira, 386 milioi euroko igoera izango da; horietako 207 milioi ikasketa ez-unibertsitarioetarako izango dira, eta 179 milioi, unibertsitateko beketarako. Ziurtatu dutenez, «azken hamar urteetako igoera garrantzitsuenarekin», estatuko beka eta ikasketetarako laguntza sisteman 1.900 milioi euro inbertituko dituzte, eta 625.514 ikaslek jasoko dituzte onurak datorren ikasturtean. Horietako 372.240 derrigorrezko hezkuntzaren ondoko irakaskuntza ez-unibertsitarioetakoak dira, eta 252.274, graduetako eta masterretako ikasleak.

Unibertsitateko baldintza akademikoak arintzeko neurriak graduko 54.853 bekaduni egingo die mesede, eta baliabide gutxien duten familiei eta behar gehien duten familiei arreta jartzeak –bigarren atalasetik lehengo atalasera pasatuko dira– 71.155 bekaduni egingo die mesede .

Aurrerantzean, karrerako bigarren urtean eta ondorengoetan kredituen %65 gainditu beharko dute ikasleek ikasketa teknikoetan eta zientziakoetan; %80 osasun zientzietan; eta %90 gizarte zientzietan, juridikoetan eta artean eta humanitateetan. Egungo ereduan, ehuneko horiek handiagoak dira, eta, gainera, batez besteko nota bat behar da, aurrerantzean ez bezala.

Esan dute hartutako erabakiaren bidez bikoiztu egingo dela beka osoa jasotzen duten ikasleen kopurua, 89.376tik 175.945era igarota graduko eta masterretako ikasleen kasuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.