Espainiako Gobernuak adierazi du frankismoa goratzea delitu gisa tipifikatzeko asmoa duela. Zigor Kodearen erreformak izango lukeen aldaketa esanguratsuenetako bat da. Horrez gain, erreforma horrek murriztu egingo lituzke sedizio delituagatik ezarritako zigorrak.
Frankismoaren goraipamena delitu bilakatzea PSOEren hauteskunde programaren parte zen, eta orain «lehentasun» bihurtu du gobernuak. Hala adierazi du PSOEko bozeramaile Adriana Lastrak: «Demokrazian ez dira omentzen diktadore eta tiranoak». Biktimentzako justizia beharra ere azpimarratu du Lastrak, eta azaldu Espainiako Gobernuak konpromisoa hartuko duela geratzen diren desobiratzeak aurrera eramateko eta diktadurari gorazarre egiten dioten elementuak espazio publikoetatik kentzeko. «Libre ez zen Espainia batean libre izan nahiaren ondorioak sufritu ez zituen gutxiengo pribilegiatu batek bakarrik begira dezake iragan hori nostalgiaz».
Lastrak adierazi du Justizia Ministerioa prestatzen ari den Zigor Kodea erreformatzeko zirriborroak sedizio delituei ezarritako zigorrak ere moldatuko dituela. Bozeramailearen esanetan, zigorrak «bizi garen garaira» egokituko luke zigor horiek murrizteak. Nabarmendu du aldaketak horrek eragina izango lukeela Kataluniako buruzagi politiko espetxeratuen egoeran. «Erreferendum ilegalak» antolatzea ere delitu gisa tipifikatzeko asmoa adierazi zuen Pedro Sanchezek hauteskunde kanpainan, baina Lastrak ez du gaiaren inguruko aipamenik egin.