Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bihar 10:00etatik aurrera bilduko dira Moncloan, Madrilen, azkenak eskatuta, bake eta normalizazio politikoaz akordioa lortzeko, baina gaur ere Espainiako Gobernuko iturriek iragarri dute Zapaterok baztertu egingo duela haren asmoa. "Bizitza politikoa lasaitzeko" eskatuko dio Ibarretxeri, eta "ez irekitzeko zatiketako biderik".
Jaurlaritzako lehendakariak, aldiz, akordioa lortzeko itxaropena daukala agertu du asteburu honetan ere. "Bestela, ez nintzateke joango Mocloara".
Ibarretxek 2008ko urriaren 25ean herri galdeketa egin nahi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iazko irailaren 28an Eusko Legebiltzarrean jakinarazi zuenez. Ekainerako Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu gura du.
Lehendakariak bi irizpidetan oinarrituta lortu nahi du akordioa: “Indarkeriari uko egin eta euskal gizartearen nahia errespetatu”. Espainiarekin akordioa lortu edo ez, Ibarretxe ekainean Eusko Legebiltzarrera joango da: akordioa berresteko edo galdeketa deitzeko. Hor ez badu gehiengoaren babesik jasotzen, EAEko hauteskundeak deituko ditu. Galdeketaren ondoren, alderdi politikoen artean akordio politiko lortzeko fasea abiatuko litzateke, "inolako bazterkeriarik gabe". "Prozesuari amaiera emateko", 2010eko bigarren sei-hilekoan erreferendum "erabakigarria" egitea proposatu du Jaurlaritzako lehendakariak.
Zapatero eta biak azkeneko aldiz joan den urteko urrian batzartu ziren, eta aurrenak orduan ere baztertu egin zuen lehendakariaren asmoa.
Politika
Espainiako Gobernuak dio bihar ere baztertu egingo duela Ibarretxeren akordio eskaintza
Jaurlaritzako lehendakaria eta Zapatero bihar bilduko dira, Moncloan, aurrenak eskatuta. Espainiako gobernuburuak "bizitza politikoa lasaitzeko" eskatuko dio, eta "ez irekitzeko zatiketako biderik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu