Jose Blanco Espainiako Gobernuko bozeramaileak esan du "kontuan" hartuko dutela atzo Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aurkeztutako Bakerako eta Elkarbizitzarako Plana, "politika antiterrorista bi gobernuen artean adostuta baitago".
Lopezek, "beti bergizarteratzearen helburuan oinarrituta, presoen hurbiltze progresiboa" proposatu zuen Eusko Legebiltzarrean, politika orokorreko saioan. Halaber, "legea betetzen duten alderdi guztien legezko aitortza" eskatu zuen, eta Memoria eta Tolerantziaren Institutua sortzeko.
Lehendakariak uste du "garai berri bat" dagoela egun, "demokraziak irabazi" egin duelako, "ETA garaituta baitago. Garesti atera zaigu, baina gaur egun inork ez du jendaurrean indarkeria aldarrikatzen. Garaipen demokratikoa gailendu da". "Ezagutu dugun terorrismoa bukatu" dela iritzi zion atzo, eta "adiskidetasunerako akordio handia" egin behar dela.
Blancok "zuhurtzia eta diskrezioa" eskatu ditu, Madrilen, Ministroen Kontseiluaren bileraren ondoren.
Aresek dio "presoen etorkizuna euren esku" dagoela, baina baldintzak jarri dizkie
Roldofo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi du "ETAko presoen etorkizuna euren esku" dagoela, baina baldintzak jarri dizkie: ETAri "jarduera terrorista" bukatzeko eskatu beharko diotela, espetxe legedia aintzat hartu beharko dutela eta "bergizarteratzearen alde" aritu beharko direla.
Aresek esan du ez dela amnistiarik izango, eta presoei ohartarazi die "batzuek engainatu" egin nahi dituztela gai horrekin.
Jaurlaritzak Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin biltzeko asmorik ez duela iragarri du Aresek. "Ez dugu behar egiaztatzailerik. Hori Poliziak egiten du". Hain justu, nazioarteko bost adituk osatu dute ETAren su-etena egiaztatzeko batzordea.
Rubalcabak "arreta handiz" aztertuko du Lopezek planteatutakoa
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren Espainiako presidentegaiak adierazi du Lopezek atzo planteatutakoa "arreta handiz" aztertuko duela, eta gobernuak gero "erabakia" hartuko duela. Jaurlaritzako lehendakariarena "adierazpen garrantzitsua" iruditu zaio Rubalcabari, Catalunya Radion esan duenez, "ETAren bukaera garaian egindakoa delako".