Espainiako Gobernuak 45.000 euroko isuna jarri dio Eusko Alkartasunari, ETB Nafarroan ikusteko antena bat jartzeagatik. Nafarroako Parlamentuan eginiko adierazpenetan, Maiorga Ramirezek esan du EAko kideen ekimen hark agerian utzi zituela Patxi Lopezek zuzendutako Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ETBren seinalea ez emateko erabilitako "gezurrak". Izan ere, oroitarazi du bi gobernuek "arrazoi ekonomikoak" argudiatu zituztela ETBren seinalea Nafarroan ez hedatzeko.
"EAko kideek argi erakutsi genuen auzi politikoa dela, dena aitzakiak zirela", azaldu du Ramirezek, eta Industria Ministerioari egotzi dio auzia "judizializatzea". "Guardia Zibila eraman zuen emisioa saihesteko, eta orain prozesu bat dago martxan Auzitegi Nazionalean", esan du.
Edonola ere, EAk "lanean" jarraituko duela iragarri du Ramirezek, ETB ikusteko aukera izatea "herritarren eskubidea" dela iritzita.
Iazko urtarrilean jarri zuten hedagailu bat ETB Iruñerrian ikusi ahal izateko. EAko hainbat kidek ordaindu zuten antena jartzeko lana.