Nafarroa eta Aragoi (Espainia) artean dagoen Esako urtegia handitzeko egitasmo berriari azken bultzada eman dio Espainiako Ministroen Kontseiluak, eta ia 100 milioi euro gehiago bideratuko ditu lan horiek aurrera eramateko. Atzo jakinarazitako azken inbertsio horrekin Esako urtegiko handitze lanetarako 222,6 milioi euro eman dituela jakinarazi du Espainiako Gobernuak.
Lehen proiektua onartu zenetik, inbertsio horretatik 102 milioi euro erabili dituzte dagoeneko urtegia handitzeko, egitasmoa aldatu bada ere, lanak ez baitira gelditu. 102 milioi horiek, besteak beste egitasmo nagusiaren lana aurreratu eta lan osagarriak egiteko erabili dituzte. Azken lan horiek iragan urtarrilean onartu zituen gobernuak.
Esa handitzeko egitasmoari behin betiko oniritzia eman zion atzo Espainiako Gobernuak, hori egiteko aurrekontuaren handitzearen berri emateaz gain. Esako urtegia handitzeko egitasmoa 2000. urtean egoera bertsuan egon zela gogorarazi du Luis Solanak, Rio Aragon elkarteko presidenteak. Ordea, 2004an akordio batera iritsi ziren handitze hori gutxitzeko, eta jatorrizko proiektuaren aldaketa horren azken izapidea onartu zuten atzo.
Gaur egun, urtegiaren gehienezko betetze maila 488 metrokoa da, eta 511 metrora igoko dute aldaketarekin; 509 metrora udazkeneanean. Igoera horrek Nafarroa zein Aragoiko hainbat herritan eragina izango du: Nafarroan Esan, eta Aragoin Siguasen, Artiedan, Mianosen, Unues de Lerdan, Urriesen, Los Pintanosen eta Salvatierra de Escan. Presaren altuera 108 metrokoa izango da, eta pantanoa guztiz beteta dagoenean urak 3.584 hektareako azalera izango du, egun baino 1.680 hektarea gehiago.
Zaragozako (Aragoi, Espainia) eta inguru horretako ur horniketa bermatzeko Esako urtegia handitu behar dela argudiatu du Espainiako Gobernuak. Bardeako (Nafarroa) ur horniketa zein ureztatze eremua ere bermatuko duela gaineratu du. Halaber, ur soberakina balego Ebro ibaiaren inguruko lurrak ureztatzen laguntzeko erabiliko litzateke, baita Gallego ibaiaren arroa urez hornitzeko ere. Zentral hidroelektrikoak hornitzeko aukera ere aurreikusi du Espainiako Gobernuak, egitasmoan horrelakorik ez dagoela aitortu arren.
Urtegiaren beharra, ezbaian
Behar horiek «neurri handi batean» aseta daudela esan du, ordea, Solanak. Zaragozako ur horniketa proiektuaren azken txanpan aipatzen hasi zirela dio, eta gaur egun Gallego ibaiko ura edaten ari direla azaldu du. Halaber, ureztatze sistemak berritu eta arautu ostean, Bardeako ureztatzeen beharra auzitan jartzeko modukoa dela dio. «Aipatzen ez diren beste helburu batzuk daudela uste dugu, epe ertainera: ura beste nonbaitera eramatea...».
Proiektuak sorreratik izan dituen arazo teknikoen ondorioz aurrekontua handitu behar izan dutela gogorarazi du Solanak. 222,6 milioi euroko aurrekontua 2009ko datua dela azaldu du, eta hasierako lanak 113 milioi eurotan adjudikatu zituztela. Solanak kritikagarritzat du egungo egoera ekonomiko zailean «beharrezkoa ez den» egitasmo bati zuzenduta inbertsio hori guztia bideratzea. «Luxuzko proiektua da, ase beharko lituzkeen beharrak ia konponduta baitaude egun».
2009an hainbat elkarte eta udalek aurkeztu zituzten «milaka» alegazioak proiektuan zein eragin duten ikusi behar dela azaldu du. Horrez gain, Espainiako Auzitegi Gorenean argitu gabeko errekurtsoak daudela gaineratu du. Errekurtso horiek egitasmoari egindakoak dira, eta baita urtegiaren handitzeak Donejakue bidean duen eraginaren ondorioz egindakoak ere.
Egun ebazteko dauden errekurtsoekin zer jazoko den argi ez badago ere, egitasmoaren behin betiko onarpenak aukera berriak eskaintzen dituela uste du Solanak. «Gobernuaren azken pauso honek errekurtso berriei atea ireki die: segurtasuna, ondareari egiten dion kaltea...». Urtegiaren hegalen sendotzea egin behar izan dela gogorarazi du Solanak, eta horretarako 80 milioi euro bideratu zituzten, besteak beste.
Horrez gain, Donejakue bideari egiten dion kaltearekin batera, babestutako guneak ere kaltetzen ditu urtegiaren handitzeak, Solanaren ustez. Halaber, gizarte mailan izango duen eragina ahaztu gabe, horrekin guztiarekin auzitara joko dutela esan du.
PSOEk Espainiako Gobernuan eman dituen urteetan «luzamendutan» ibili dela gogorarazi du, baina legegintzaldia agortzear dagoela egitasmoa onartu nahi izan duela. Dena den, Esako urtegiaren egoera 2000n lehen proiektua onartu zen egoera berean dagoela ohartarazi du.
Espainiako Gobernuak ehun milioi euro gehiago eman ditu Esa handitzeko
2000. urteko egitasmoaren aldaketa onartu dute; Rio Aragon elkarteak helegitea jarriko duela azaldu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu